Garaipen-uzta ezin hobea bildu dute Beltzak taldeek asteburuan; lau partidu jokatu eta beste hainbeste irabazi zituzten. Iragan larunbatean erdietsitakoarekin, Ohorezko B mailako seniorrek jada 29 partidu daramatzate jarraian liga erregularrean galdu gabe.
Real Oviedo Rugby taldearen bisita jaso zuen Ohorezko B mailako taldeak. Partidu borrokatua ikusi zuten zaleek Zarauzko Asti zelaian, kanpokoak gogotsu zelairatu baitziren, etxekoen errekorra hausteko asmoarekin. Ezerezean geratu ziren intentzio horiek, Babyauto Zarautz taldekoek ireki baitzuten markagailua. Bigarren zatian bikain kontrolatu zuten jokoa aurrelariek, eta lau entsegu burutu zituztenez erasoko bonusa eskuratu zuten, eta baita garaipena ere, 27-7.
18 eta 16 urtez azpiko taldeek Bilboko El Fango zelaian jokatu zituzten euren norgehiagokak, Universitario Bilbaoren aurka. Lehenengoek 19-38 irabazi zuten, hasieratik lortutako errenta ongi kudeatuz. Bigarrenek ere lortu zuten irabaztea, alde handiagoz gainera: 7-40koa izan zen markagailua amaieran.
Azkenik, 14 urtez azpiko taldeak urrezko garaipena ekarri zuen bueltan Logroñotik. Majo sufrituta, hori bai: Herriko taldea berehala hasi zen agintzen markagailuan, baina etxeko taldeak ez zuen amore eman eta gogotik izerditu behar izan zuten Beltzak taldeko jokalari gazteek hiru puntuak eskuratzeko, 29-36.