Haren izena ez zegoen faboritoen zerrendako lehen postuan; sailkapenekoan bai, ordea. Amezketako Larrunarri pilotalekuan aritu zen Urtzi Telleria herritarra igandean, Albitzuri-Aundi ia 166 kiloko harria nork gehiagotan altxa. Telleriak sei alditan eraman zuen bizkar gainera, Aimar Irigoien errezildarrak bezainbestetan. Herritarrak kilo gutxiago pisatzen ditu ordea, 82, eta horregatik hark jantzi zuen txapela.
Bost altxaldi eginak zituen Telleriak 2010ean, eta horiek gainditzeko xedearekin joan zen Amezketara igandean: “Gure lana egitera joan ginen, neurtu genuen zenbat denbora behar izan nuen lehenengo altxaldia egiteko eta hortik aurrera egin nituen gainontzekoak”, aipatzen du harrijasotzaileak. Kopurua igotzeko taktika argi zeukan Telleriak: “Altxaldi bakoitzaren arteko denbora murriztu dugu; bi minutu eta 20 segundo behar izan nituen 2010ean, eta aurten kronometroari 20 segundo horiek jan dizkiot”.
Sei aldiz altxa zuen Albitzuri-Aundi harria Telleriak, hamar minutuko txandan. Arestian aipatutako erritmo konstante hori baliatu zuen herritarrak marka pertsonala hobetu eta txapela janzteko.
Harri irregularra
Albitzuri-Aundi harria ez da menderatzen erraza: 166 kilo inguru pisatzen ditu eta helduleku finkorik ez dauka. Sei harrijasotzaileek gogotik izerditu behar izan zuten harria lurretik altxatzeko. Aimar Irigoien errezildarra laguna du Telleriak, eta hamar minutuz arerio Amezketan. Txapelketari ekin aurretik Irigoien zen faborito nagusia. Telleriaren marka bost minutuan berdindu zuen, baina erritmo bortitz horrek erabat hustuta utzi zuen errezildarra eta ezin izan zuen gehiagotan altxa harria. Euskadiko harri handien txapeldun Jokin Eizmendi zarauztarrak berriz, bost egin zituen. Atzetik sailkatu ziren Izeta IV.a (3 altxaldi), Iban Ugartemendia (3) eta Aimar Galarraga (1).
Abenduan 30 urte beteko ditu Telleriak. “Harriak jasotzeko adin-tarte onenean nago, 28 eta 33 urte artean, hori entzun dut nik behintzat”, dio herritarrak. Adinean gora egiteak harrijasotzailearen ezaugarriak aldatzen dituela nabarmentzen du Telleriak: "Duela bost urte kemen handiagoarekin altxatzen nuen harria, baina egia da baita ere zailmena irabazten duzula urteak betetzen dituzun heinean".
Gabonetan pisu bikoitzeko txapelketa batean hartuko du parte herritarrak, eta bertan altxa beharko duen harria ez denez Amezketakoa bezain pisutsua, "lau kilo inguru" galdu beharko ditu, probaren ezaugarrietara doitzeko. Txapelketa horren ostean, "2016ra begira" jarriko da Telleria.