Eguerdiko hamabietan hasi da Lasarte-Oriako Udalak prestatutako ekitaldi xumea. Alderdi guztietako hainbat kide egon dira bertan, PP izan ezik. Askatasunaren parkean elkartu dira denak, eta hainbat herritar ere gerturatu dira.
Jesus Zaballos alkateak hartu du hitza, Udalak prestatutako adierazpena irakurtzeko, erdaraz. "Oso beharrezkoa dugu memoria, denok elkarrekin bakea eraiki nahi badugu", adierazi du. "Indarkeria mota ororen biktimak omendu nahi ditugu, eta baita aitortza egin ere; maitasuna eta elkartasuna adierazi nahi diegu Udalaren izenean".
"Jabe gara ditugun desberdintasunez, baina horiek alde batera utzi eta batzen gaituena gauzatzera, bakea eraikitzera, bideratu behar ditugu ahaleginak", nabarmendu du alkateak.
Testua irakurri ostean, 15 minutuko isilunea egin dute ekitaldira bertaratutakoek, biktimekiko errespetua adierazteko. Horren ostean, Gotzon Huegun herritarraren 'Biharraren oroipena' izeneko plakaren gainean larrosa zuri bana utzi dute ekitaldira bertaratutako zinegotzi eta herritarrek.
Ekitaldia Andoainen
Bailarako Elkarbizi taldeak Andoainen burutuko du indarkeriaren biktimak gogoratzeko ekitaldia, 19:30etik aurrera. Lopez de la Calle parkean bilduko dira, 'Askatasunari' izeneko eskulturaren bueltan. Inguruko herritarrei ospakizun horretara gerturatzeko deia egin diete antolatzaileek.