2016ari hasiera emateko urtarrileko kultur eskaintza aurkeztu du Lasarte-Oriako Udalak. Herritarrak gonbidatu dituzte antolatutako ekintzetan parte hartzera.
Zinema
Hilaren 3tik hasita, filme asko ikusteko aukera egongo da Manuel Lekuona kultur etxean. Egun horretan, haurrentzako eta helduentzako zinema proiektatuko dute. 'Hotel Transilvania 2' eta 'Sicario' filmak, hain zuzen.
Zineforuma ere egingo da bitan, Okendo Zinema Taldearen eskutik. 8an, 'Una Segunda Madre' filme brasildarra eta 22an, 'Rams, el valle de los carneros' islandiarra ikusi eta horiei buruz eztabaidatu ahal izango da.
Haurrentzako, 'Pan, sekula betirako bidaia' botako dute euskaraz 10ean, eta 'El viaje de arlo' eta 'Aviones de papel' gaztelaniaz 24ean eta 31ean.
Star Wars saga ospetsuaren zazpigarren atala ikusteko aukera ere izango dute lasarteoriatarrek. Hilaren 15etik 17ra, sei sesiotan proiektatuko dutela azaldu dute. Halaber, 'El puente de los espías' (10ean) 'Truman' (24ean) eta 'Palmeras en la nieve' (31ean) ere botako dituzte.
Opera
75 urte beteko ditu Plácido Domingo opera abeslari ospetsuak hilaren 21ean. 'Cyrano de Bergerac' obra antzeztu eta abestuko du Valentziako Palau des Arts antzokian lehen mailako zenbait interpreterekin batera. Bi egun beranduago, 23an, Lasarte-Orian ikusteko aukera egongo da, bertsio digitalean. Sarrera 9 eurokoa izango da.
Antzerkia
Marie de Jongh antzerki taldearen 'Amour' lanarekin gozatu ahal izango da 30ean. Beraien hitzetan, "helduentzako umeen antzerkia eta haurrentzako helduen antzerkia" da. Izan ere, txiki eta nagusiek elkarrekin ondo pasa dezaketela azpimarratu nahi du Jokin Oregik eta Elisa Sanzek zuzendutako antzerkiak.
Musika
Brigitarren Komentuan 'Duo l'incontro' bikotea arituko da 29an. Francesca Romana di Nicola harpistak eta Itziar Lujanbio oboejoleak osatzen dute. Musikene eskolan ikasitakoak dira, eta zenbait orkestretan esperientza lortu ostean, elkartu dira "errepertorio zabala" eskaintzeko.
Errege kabalgata
Urtero legez, Errege Magoek Lasarte-Oria bisitatuko dute urtarrilaren 5ean. Goizean Atsobakarreko Egoitzan izango dira eta arratsaldean Oriatik Okendo plazarako bidea egingo dute haurrak alaituz eta gozokiak banatuz.