Hainbat marka pertsonal hobetu zituzten Buruntzaldea IKTko igerilariek larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2015eko azaroaren 13a

Denboraldia hasi besterik ez dute egin, baina sasoi onean daudela erakutsi dute Buruntzaldea IKTko infantil, junior eta absolutuek. Neguko ligari ekin zioten iragan larunbatean eta 24 marka pertsonal hobetu zituzten jardunaldian zehar.

"Taldeko igerilariek 24 marka pertsonal hobetu zituzten eta denboraldiaren zein fasetan gauden kontutan hartuta, balantze positiboa da hori". Hitz horiekin baloratu dute Buruntzaldea IKTko prestatzaileek infantil, junior eta absolutuen denboraldi hasiera. 

Neguko I. jardunaldia jokatu zuten Lasarte-Oriako kiroldegian, iragan larunbatean. Infantilek 200 estiloko proba zuten helburu nagusitzat, eta fin ibili ziren distantzia horretan: hamaika igerilaritik zortzik egin zuten marka pertsonala. Gainontzeko denbora hobekuntzak (9 guztira) 50 bularrean, 100 tximeletan eta 100 librean lortu zituzten. Bestalde, Neguko Gipuzkoako txapelketarako gutxienekoak lortu zituzten Nora Irazustak, Maria Garasak, Irati Arzalluzek, Nahia Jie Villamedianak, Beñat Alkortak eta Jon Ibargoyenek. Euskal Herriko txapelketakoak oraindik ez dira argitaratu, baina Buruntzaldea IKTko entrenatzaileek uste dute nahikoa izango dela larunbatean erdietsitako markekin. 

Junior eta absolutuek denboraldiko lehenengo sentsazioak hartu zituzten, eta ez ziren batere txarrak izan. Sasoi puntu onena hartzeke dute oraindik, erritmoa falta dute, baina hala ere nagusi izan ziren euren probetan Iñigo Ibarburu, Itsaso Tolosa eta Mikel Esnal.

Asteburu honetan benjaminak eta alebinak ariko dira Tolosako Usabal kiroldegian. Lehenengoek estreinako test jardunaldia jokatuko dute larunbatean, 15:30ean; alebinek berriz, ligako bigarren jardunaldia, 18:00etan.