Ahaleginari saria

Txintxarri Aldizkaria 2015eko azaroaren 13a

Lasarte-Oriak ordezkaritza izango du Gipuzkoako selekzioan, 14 urtez azpiko kategorian zehazki. Hautatzaileak Beltzak taldeko bost jokalari sartu ditu aurredeialdian. Azaroaren 21ean entrenatuko dute lehenengoz deituak izan diren 50 jokalari horiek, Zarauzko Asti zelaian, 10:00etan.

Beltzak errugbi taldeek bikain ekin diote denboraldi berriari. Hasiera horrek ikusleak bakarrik ez, entrenatzaile eta hautatzaileak ere txunditu ditu, Gipuzkoakoa bai behintzat. 14 urtez azpiko ZRT-Beltzak taldeko bost herritar deitu ditu hautatzaileak hilaren 21ean entrenatzeko, Zarauzko Asti zelaian, goizeko hamarretan.

50 jokalariko aurredeialdia osatu du Gipuzkoak. Bertan egongo dira Unai Pelaez, Gabi Gavilan, Jokin Beloki, Mikel Ibisate eta Paola Vega herritarrak. Horiez gain, 13 urtez azpiko kategorian Aratz Iparragirre ere deitua izan da. Andoaindarra da Iparragirre eta ZRT-Betzak taldean ari da. 

Beti topera entrenatzen dute gaztetxoek, baina asteon egindako saioetan nabaritzen zitzaien deialdiak eragindako ilusio berezi hori. Michelingo zelaian aritu ziren astelehenean, entrenatzaile eta gurasoak begira zituztela. Etenaldi txiki bat egin eta argazkirako prestatu ziren jokalari guztiak, azaroaren 21ean Gipuzkoarekin entrenatuko dutenak eta ez dutenak. Hori da errugbiaren esentzia: taldea dago beti norbanakoen gainetik. 

Zazpigarren garaipena

Sailkapeneko beste talde guztien gainetik dago baita ere seniorren Ohorezko B mailako Babyauto Zarautz taldea. Fran Puertasek zuzendutako jokalariek zazpi partidatik zazpi irabazi dituzte; lehenengoak dira sailkapenean 33 punturekin. Ezin hobeto ekin diote sasoiari horiek ere.

Valladolideko El Salvador taldearen aurka neurtu zituzten indarrak pasa den asteburuan eta 10-45 irabazi zuten. David Vega herritarrak hasieratik ekin zion norgehiagokari, eta bigarren zatian atera ziren zelaira Ander eta Xabier Rekondo anaiak. Joan den asteburuko garaipenarekin, 28 jardunaldi daramatza segidan Babyauto Zarautzek ligan partidurik galdu gabe. 

18 eta 16 urtez azpiko ZRT-Beltzak taldeek Zarauzko Asti zelaian jokatu zuten asteburuan. Bera Bera taldea izan zuten aurrean biek.

18 urtez azpikoek 5-25 galdu zuten, baina norgehiagoka osoan zehar markagailua orekatzeko borrokan aritu ziren 2. zati oso ona eginez.Borrokatua izan zen baita ere 16 urtez azpikoen partida. Atsedenaldira husnako margakailuarekin iritsi ziren, eta etxekoek lehenengo entsegua lortu arren 5-10 galdu zuten.