Elektronika gaua bihar

Txintxarri Aldizkaria 2015eko azaroaren 13a

Lasarte Elektronika Festibalaren lehen edizioa egingo dute bihar Elebeltz Topagunean. Paolo Solo, Furonia, Ruben Rubio, Julen K, Txoni, M_Nu eta artista gonbidatu bat izango dira musika jartzeko arduradunak. Sarrera bost eurokoa izango da eta herriko zenbait tabernetan eskura daitezke. Jaiari 17etan emango zaio hasiera Okendo plazatik aterako den Rezibatukadak girotutako poteoarekin. Lehenengo sesioa, aldiz, 18tan hasiko da. 8ak arte luzatuko da jaialdia. Beraz, elektronika zaleek badute non ongi pasa asteburu honetan.

Musika elektronikoaz gozatzeko parada izango da bihar Elebeltz Topagunean. Lasarte-Oriako eta inguruetako zenbait DJ arituko dira bertaratutakoentzako doinu dantzagarriak nahasten. 

Gau luzea

Jaialdiak luzerako joko duela argi dirudi. Arratsaldeko 18:00tan emango zaio hasiera eta goizeko zortziak arte luzatuko da.

Sei DJ izango dira giroa berotzeko ardura bere gain hartuko dutenak. Paolo Solo, Furonia, Ruben Rubio, Julen K, Txoni eta M_Nu. Halaber, artista gonbidatu baten laguntza izango dute. Gehienbat, Deep House eta Nu Disco estiloak jorratuko dituzte. Hala ere, artista bakoitzak bere zigilua utziko du sesioetan.

Bost euroko sarrera ordaindu beharko da bertara sartzeko. Ondorengo tabernetan erosi ahal izango da: Elurtza, Siglo XX, Arkupe, Usoak, Ilargi eta Jalgi. Christian Estilistak ileapaindegian ere lor daitezke. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, komeni da bertaratuko direnak tiketak lehen bait lehen eskuratzea. Izan ere, lehen egunetan dezente saldu dira.

Poteo girotua hasteko

Erdigunetik Elebeltz Topagunerainoko bidea elkarrekin egiteko proposamena luzatu dute. Okendo plazan 17etatik aurrera hasiko da poteoa. Rezibatukadaren erritmo eta musikaren laguntzaz egingo dute ibilaldia. Gazte lasarteoriatarrez osatutako batukada taldeak material birziklatuekin egiten du lan.

Kurtso berria Elebeltzen

Indartsu hasi dute udazkena Elebeltz Topagunean. Sorkuntza tailerrak eta zinema martxan dira dagoeneko, eta kurtsoari hasiera berezia eman zioten urriaren 31ko Udazken Fest jaialdian. Bazkaria, karaokea eta kontzertuak egin zituzten.

Asteburu honetan ere,  musika elektronikoarekin dantza egin nahi duen orok aukera ederra du esku artean.