Tamayo paper dendak, Donostiako Aquariumak eta Etiopia-Utopia Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatu dute Zipristin lehiaketa. Margolanek ura eta hari zor zaion errespetua irudikatu behar zuten. Parte hartzaileek Donostiako Paseo Berrian, portuan eta beste gune batzuetan margotu dituzte euren obrak.
Emaitza onak
Brancussi pintura eskolako kideak 21 urtetik gorakoen kategorian izan ezik, beste guztietan izan dira sarituak.
Sei urte artekoen sailean Lara Muñozek eskuratu du laugarren postua. Ander Gonzalez, bestalde, bosgarren izan da. 7-8 urtekoen artean, berriz, Andrea Lobato eta Maialen Aranzabe izan dira sarituak, hirugarren eta bosgarren izan baitira hurrenez hurren.
9-11 urteko hiru kidek lortu dute onenen artean izatea. Noa Murillo txapeldunorde geratu da. Erika Santano eta Marta Beorlegi, aldiz, hirugarren eta bosgarren. 12-14 urte bitarteko kadeteek izan dituzte emaitza onenak. Irabazlea ez beste guztiak lasarteoriatarrak baitira. Irati Martijak, Maite Jaureguik, Janire Bajok eta Nahia Garciak osatu dute sailkapena. Gazteen kategorian Ainhoa Elzaurdik ohorezko aipamena lortu du.
Zipristin Lehiaketak izan dituen 16 edizioetan hartu du parte Brancussi pintura eskolak.