2014ko irailean sortu zuen Ganbo Iturri elkarteak Elkarbizi, eta orduz geroztik hainbat jarduera egin dituzte, elkarbizitza ardatz izanik. Iaz hasi ziren “bizikidetza libre bat” eraikitzeko iritzia garatzen eta zabaltzen, egitasmoko parte-hartzaile zein herritarren artean eta horretan dihardute gaur egun ere, Aregik azaldu zuen moduan.
“Ezinbestekoa” da bizikidetza jorratzea eta ezin da "bigarren plano batean” utzi, Maribel Vaqueroren hitzetan. Jakinarazi zuen Gipuzkoako 88 udalerritatik 12k lantzen dutela gaia egun, eta horietatik lau direla Buruntzaldeakoak: Hernani, Urnieta, Andoain eta Lasarte-Oria. Era berean, nabarmendu zuen “giltzarria” dela bizikidetzari buruzko heziketa, belaunaldi berriek "gertatutakoaren berri” izan dezaten eta “ikuspuntu kritikoa” garatu dezaten.
Era berean, azpimarratu zuen udaletxeek "funtsezkoak" direla Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, baina "oso beharrezkoa" dela beste probintzietako erakundeekin "era koordinatu batean" lan egitea.
Datorren ostegunean egingo dute bigarren hitzaldia, hilaren 19an, toki eta ordu berean. Orduko horretan Xabier Barandiaran irakaslea gonbidatuko dute, 'Abertzaletasuna XXI. mendean' izeneko gaia jorratzeko.