Antzerkiaren baitako antzerkia

Txintxarri Aldizkaria 2015eko azaroaren 14a

Donostiako Teatro Estudiok 50 urte bete ditu aurten eta hori ospatzeko ongien egiten dakiena erakutsi zuen atzo Manuel Lekuona kultur etxean. Boguslaw Schaeffer egilearen 'Ensayo para siete' antzezlan moldatua eskaini zuen. Herriko Danok Kide elkarteak antolatu zuen ekitaldia.

Jolas moduko batean murgildu ziren ikusleak ostiralean. Ariketa horren bitartez antzerki saio baten sortze-prozesuan hartu zuten parte. Aktore taldeak zuzendari gaztearen gidaritzapean entsaiatu zuen; antzerkiaren baitako antzerkia izan zen beraz, aktoreek lanean eta bizitzan izan ditzaketen egoerei buruzko gogoeta eta guzti.
Ostiralean joaterik izan ez zutenek ez dute zertan kezkatu, hilaren 26an beste antzezlan bat interpretatuko baitu Donostiako Teatro Estudio antzerki taldeak berak. Orduko horretan 'Una comedia Española' antzezlan moldatua oholtzaratuko dute. Yasmina Reza da horren egilea. Saio hori pasa den ostiralekoaren toki eta ordu berean izango da, Manuel Lekuona kultur etxean, 19:30ean.

Egitarau zabala prestatu du Danok Kide elkarteak aurtengo ikasturterako. Esaterako, abenduaren 4an, ostiralean, beste hitzordu bat edukiko dute herritarrek. 100 urte bete ditu aurten Brigitarren komentuko organuak, eta mendeurrenaren omenez kontzertua prestatu du Danok Kide elkarteak.

Orduko horretan Haizea Muñozek (ahotsa) eta Ana Belen Garciak (organua) eskainiko dute emanaldia, komentuan bertan. Antolatzaileek zehaztu dute aldaketak egon daitezkeela oraindik egitarauan. Momentuz, J.S. Bach, Henry Purcell eta Aita Donostiaren mailako konpositoreen piezekin osatu dute programa, besteak beste.

Donostiarra da jaiotzez Haizea Muñoz. Zuzenbidean lizentziatu zen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean 2003. urtean, eta handik lau urtera amaitu zituen kantuko goi-mailako ikasketak Musikene zentruan. Mundu osoan zehar aritu da Muñoz kantuan eta Opus Lirica konpainiako kide da; Sevillako El Barbero operan egin zuen debuta.

Ana Belen Garcia Andoainen jaio zen, eta bertan egin zituen musika ikasketak ere. Donostiako kontserbatorioan burutu zuen piano prestakuntza eta Musikenen bertan amaitu organu-ikasketak. Bakarlari zein laguntzaile gisa hartu du parte hainbat jaialdi internazionaletan.