Herriko taldeak ongi joka-tzen du, aukerak ere sortzen ditu, baina ez ditu gol bihur-tzen. Egoera horren aurrean, 3. Nazionaleko arerioek ez dute barkatzen, eta horrelaxe gertatu zen larunbatean ere.
0-0eko markagailuarekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak. Golik gabeak, baina ikustekoak izan ziren lehenengo 20 minutuak. Erritmo oso bizian jokatu zuten bi taldeek, kantxaren alde batetik bestera baloia bizkor mugituz eta aukera ugari sortuz. Ostadarrena izan zen aukera garbiena, baina zutoinarekin egin zuen topo. Beste hainbat aukera ere sortu zituen herriko taldeak, baina atezain bizkaitarrak meritu handiko geldiketak egin zituen. Joko ona erakutsi arren, etxeko entrenatzaileak hainbat zuzenketa egin zituen lehenengo zatian zehar, taldeak hobetzeke gauza dexente dituela erakutsiz.
Bigarren zatian garaipenaren bila irten ziren berriro ere bi taldeak. Bigarren zatiko 9. minutuan kolpe latza jaso zuen Ostadarrek: Meatzariko atezainak bakar-bakarrik utzi zuen Josu Gomez pibota, eta ez zuen barkatu hark, 0-1ekoa jarriz markagailuan. Handik gutxira, lehenengo kolpetik osatzeko ia astirik gabe bigarren gola sartu zuten kanpokoek, Mikel Elizondok zorte apur batekin gauzatutako bakarkako jokaldi baten ostean. Une horretan atezain-jokalariarekin jokatzen hasi zen Ostadar, eta beste zenbait aukera eduki arren ez zuen golik sartu. Azkenean, partidua amaitzeko 20 segundo falta zirela eta etxekoek 5 faltak eginak zituztela baliatuz 0-3koa jarri zuten markagailuan.
Beste porrot bat erdietsi arren Ostadar Antonioko jokalariek irakurketa positiboa egin behar dute, itxura oso ona eman zutelako kategoriako liderraren aurka, eta erakutsi zutelako oso garesti salduko dituztela 3 puntuak Lasarte-Oriako kiroldegian.
Cecilia Ostadarren berdinketa
Gipuzkoako 2. mailako liderrak hiruna berdindu zuen atzo Gamon Aker taldearen aurka. Arerio gogorra da Gamon, eta horrela erakutsi zuen kiroldegian jokatutako norgehiagokan. Etxekoak 2-0 aurreratu ziren lehenengo zatian, Urtzi Azpiroz eta Javi Vecillaren golei esker. Denboraldiko lehen zati onena jokatu zuen Edu Menaren taldeak, baina ez ziren perfektuak izan, atsedenaldira joan aurretik apur bat erlaxatu eta 2-1ekoa sartu baitzuen kanpoko taldeak.
Bigarren zati hasieran ez zioten erlaxazio egoera horri buelta eman, eta hori baliatu zuen Gamonek 2-2koa sartzeko. Horren ostean bai, etxekoek pilak jarri zituzten berriro eta Vecillak 3-2koa ezarri zuen korner batean. Partidua erabakita uzteko aukerak izan zituzten Cecilia Ostadarrekoek, baina barkatu egin zuten eta azkenean 3-3koa sartu zuten kanpokoek. Emaitza ez da guztiz txarra, baina aukera polita zuen Edu Menaren taldeak arerioekiko aldea handitzeko sailkapenean.
Jubenilek berriz, galdu egin zuten Samaniego Orixeren kontra, 12-2. Gol asko jaso zituen Mikel Escribanoren talde hasiberriak, baina ez zuen batere itxurra txarra eman Tolosan. Areto-futbolean ongi jokatzen ikastea ez da egun batetik bestera lortzen, eta apurka-apurka hobetzen ari dira jokalari gazteak, nahiz eta emaitzetan emandako urrats horiek ez diren astero islatzen.