San Silvestre lasterketa jokatuko da herrian, aurten lehenengoz

Txintxarri Aldizkaria 2015eko azaroaren 4a

Herriko korrikalari talde bat abenduaren 31n jokatzen den San SIlvestre lasterketa ospetsua herrian antolatzeko lanetan ari da. Hainbat gauza oraindik zehazteke dituzten arren, baieztatu dute proba ospatuko dela.

Urte zahar egunean lasterka egiteko ohitura duten herritarrek ez dute joan beharko beste herri batzuetara, San SIlvestre proba ezagunean parte hartzeko. Herriko korrikalari talde bat lanean ari da proba hori Lasarte-Orian antolatzeko, eta baieztatu dute jokatuko dela lasterketa, abenduaren 31n.

Antolatzaileek jakinarazi dute arratsalde aldera hasiko dela proba, baina ordua ez dute zehaztu oraindik. Izena noiz eta nola eman hilabete amaieran jakinaraziko dute, baita ibilbidea ere. Bien bitartean, lasterketa antolatzeko lanetan jarraitzen du herriko korrikalari talde batek.

Lasterketaren egunean, 'Nordic Walking' edo Ipar Martxa delakoa egiten dutenen talde bat ere aterako dela aipatu dute antolatzaileek.