Nazioarteko bazkariaz gozatu

Txintxarri Aldizkaria 2015eko azaroaren 5a

Azken bi urteetan nazioarteko bazkariak Sasoeta-Zumaburu ikastetxean izan zuen arrakasta ikusirik, aurten ikastetxeak eta Burunzpe Guraso elkarteak herritar guztiei zabaldu nahi diete ekimena eta Udalaren laguntzaz, azaroaren 15ean, Michelingo kirol gunean egingo da bazkari multikulturala.

Gaur, Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Burunzpe guraso elkarteko kide eta Lasarte-Oriako Udal ordezkariek azaroaren 15ean, 13:30etik aurrera, Michelingo kirol gunean antolatu den Nazioarteko eta eskualdeko bazkari multikulturala aurkeztu dute.

Ekimena Burunzpe guraso elkarteko kulturartekotasun atalak duela bi urte hasi zuen eta orain arte, ikastetxeko kideek bakarrik parte hartu dute bazkari berezi honetan. Ekitaldiaren arrakasta ikusirik, aurtengoan Lasarte-Oria herri osoari zabaldu nahi diote parte hartzea. 

Jesus Zaballos alkateak guraso elkarteak urte hauetan egindako lana azpimarratu du. Gainera, Lasarte-Orian 50 nazionalitate desberdin baino gehiago daudela gogorarazi du. 

Guraso elkarteko kideek azaldu legez, kultur aniztasun hori altxorra da eta horregatik “elkar hobeto ezagutzen saiatuko gara leku bakoitzeko sukaldaritzaren bidez”. 

Elkartrukea

Bazkarian elkartzen direnek haien herrialdeko plater tipikoak eskaini eta besteenak dastatzeko aukera izango dute. 

Antolatzaileek  aurkezpenean azaldutakoaren arabera, familia bakoitzak 6 pertsonentzako platera eraman behar du eta errezeta prestatzeko 7 eta 10 euro arteko diru laguntza jasoko du. 

Umeek makarroiak haragiarekin (halal) eta tomatearekin jango dituzte; Burunzpe Guraso elkartea arduratuko da edariez.

Elkar ezagutza sustatze aldera, errezeta ere eraman daiteke besteei nola egiten den erakusteko. 

Ekintza euskaraz eta gazteleraz izango da.

Egitaraua

Baina ez da soilik plater tipikoen elkartruke eta dastaketa egingo soilik.

15:30ean, Katherin Apolok kunbia doinuez beteko du kirol guneko pilotalekua eta 16:00etatik aurrera, heldu zein haurrek kultur aniztasun karaokean parte hartu ahalko dute. Eta haurrentzat ez usteko bat ere izango da.

Izena ematea

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, bazkarian parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea. Sasoeta eta Zumaburu Ikastetxeetan dauden zerrendetan inskribatu edo 609 845 358 telefonoan ere eman dezakete izena interesatuek. Izen ematea azaroaren 13an, ostirala, itxiko da. 

Udalak eta Burunzpe Guraso elkarteko kideek herritarrak gonbidatu nahi dituzte bazkari honetan parte hartzera.