Ostiralean, udal ordezkariek, Jesus Zaballos alkatea buru, zabaldu zuten modu ofizialean azoka. 17:00ak aldera dena ireki eta herritarrek 34 postuetako produktu eskaintzaz gozatzeko aukera izan zuten.
Txikienek puzgarrietan jolasteko aukera izan zuten eta gaztetxoagoak berriz, Nacho magoaren trikimailuekin ederki pasatu ahal izan zuten.
Larunbatean, eguraldi eguzkitsua lagun, asko izan ziren erdigunetik pasa ziren herritarrak. 70 eta 80. hamarkadetako musikak girotuta, gustura aritu ziren herritarrak leku ezberdinetatik ekarritako barazki, gazta, txerrikiak edota gozoak erosten eta dastatzen.
Horretaz gain, hainbat bitxi eta jolas postu izan ziren eta plazan bertan bazkaldu edota afaldu nahi izan dutenek ere aukera izan dute. Talo ekologikoez gain, brasak asteburu osoan piztuta egon dira, txorizoa, sahieskia eta bestelako txerrikiak aukeran.
Haize zatarra medio, larunbatean txikientzako puzgarriak ezin izan ziren martxan jarri lehenengo orduan. Arratsalderako hala ere, berriz puztuta zeuden hauen gozamenerako.
Ikuskizunak
Magia ikuskizunak izan dira asteburuan zehar, photocall-a eta marrazki tailerrak umeentzat. Filmak ere proiektatu dira. Larunbat arratsaldean 'Los Goonies' 1985. urteko film arrakastatsuaren txanda izan zen. Udaletxeko arkupetan egin zen emankizuna eta bertan izan ziren nagusiki haurrak nahiz eta heldu batzuk ere pantaila aurrean bildu ziren. Igandea berriz, azokan azken erosketak egiteko baliatu dute herritar askok. Orokorrean produktu eskaintza ona aipatu dute herritarrek, eguraldiak ere lagundu duela onartuta.