Lan eta Lan antzerki taldea bere heldutasunera iritsi da. 18 urte igaro dira, baita milaka entsegu ordu, hamaika abentura eta pertsonaia ere, HHI-EPA ikasle ohiek osatutako talde batek haien antzerkiarekiko zaletasuna oholtza gainera eramateko saltoa eman zuenetik. Urtemuga berezi hau ospatzeko hurrengo asteetan hainbat ekintza antolatu dituzte eta noski, antzerkia izango da protagonista.
Erakusketa
Batetik gaurtik azaroaren 15era, erakusketa izango da Antonio Mercero gunean. Honetan 18 urte hauetan taldeak erabili dituen atrezzo, zein jantzien erakusgai bat ikusteko aukera izango dute hurbiltzen diren herritarrek. Erakusketaren ordutegia astelehenetik ostiralera arratsaldez izango da, 18:00etatik 20:00etara eta larunbata eta igandean goizez, 12:00etatik 14:00etara. Gaur, gainera, 18:30ean irekiera ekitaldia prestatu dute eta honetan olerki irakurketa egingo dute taldeko kideek.
Komedia nagusi
Antonio Mercero aretoa ere antzoki bilakatuko dute azaroaren 4an, 19:30etatik aurrra. Bertan kafe-antzokia egingo dute. Bestetik, taldeko kideek urteurren berezi honetarako prestatutako 'El viejo Celoso' lana ere ikusgai izango da ostegunean, azaroaren 5ean, 20:00etatik aurrera, Manuel Lekuona kultur etxean. Sarrera doakoa izango da.
Cervantes idazle ezagunaren entremesa ekarriko dute oholtzara eta beraz, komedia izango da nagusi antzezlan honetan. Etxean giltzapean duen emakume ez leiala da Lorenza. Egun batean bere senar zahar eta jeloskorrak atea giltzaz ixtea ahaztu eta kalera irteten da bere neskame Cristinarekin. Ortigoza bere auzotarrarekin topo egin eta solasean hasten dira. Lorenza eta Cristinaren hitzek senarra barregarri utziko dute.
Eta azkenik, leku berean, azaroaren 7an, larunbata 19:30ean, irakurketa dramatizatu bat egingo dute Lan eta Lan taldeko kideek. Sarrera 3 eurokoa izango da. Honetarako Juan José Alonso Millán idazlearen 'El cianuro ¿solo o con leche?' komedia beltza aukeratu dute. 1925 urteko neguko gau hotz batean, Laura eta gurpildun aulkian dagoen bere ama Adelak 92 urteko aitona erretxina hiltzeko aukera dute. Baina medikua den Enrique lehengusua agertu eta guztia korapilatuko da. Saio guztiak gazteleraz izango dira.
Lan eta Lan antzerki taldeko lagunek herritarrak gonbidatzen dituzte erakusketa ikusi eta antzerki ekitaldiez gozatzera.