Beldur Barik ekimenak Euskadi mailan bultzatzen du bideo lehiaketa hau beldurrik gabeko jarrerak adierazteko. “Kultura matxista eta indarkeria sexistaren adierazpenak eraldaketarako konpromiso pertsonal zein kolektiboa adierazten dituzten jarrerak dira. Alegia, neska eta mutilek ezberdintasun egoerei nola aurre egiten dieten erakusten duten jarrerak. Errespetuan, askatasunean, autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeriaren bazterketa irmoan oinarritzen direnak”.
Beldur Barik programaren nahia da ahalduntze eta jabekuntza prozesu horietan laguntzea.
Lasarte-Oria lehiaketa
Gurean, Udalak ere bat egin du egitasmoarekin eta Emakumeen zentroak kudeatuko du herri mailako lehiaketa. Honetan emakumeek jasaten duten bereizkeria-egoerari aurre egiten dioten pertsonen “arte-adierazpen mota oro” onartzen da eta bideoen kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da.
12 eta 30 urte bitartekoek hartu dezakete parte eta herriko lehiaketan parte hartzeko, hemen erroldatuta egotea beharrezkoa izango da. Horrela bi kategoria zehaztu dira, 12 eta 17 urte artekoa eta 18-30 urte bitartekoa. Azken honetan, 27 eta 30 urte artekoek, soilik herri mailan parte hartu ahal izango dute. Orokorrean ezin dutelako 26 urtetik gorakoek parte hartu. Lanak beldurbarik.org guneko formularioa beteta aurkeztu beharko dira eta bertan aurki daitezke ere parte hartzeko oinarri guztiak.
12 eta 26 arteko parte hartzaileen lanek bi aukera izango dituzte saria eskuratzeko, bat lehiaketa orokorrean eta bestea herri mailakoan. Baina aipatu bezala, 27-30 urte artekoen kasuan, mekanika desberdina da. Hauek lehiaketa orokorretik kanpo egonda, lanak emakume zentroa@lasarte-oria.eus helbidera bideratu beharko dituzte.
Bi kasuetan, lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 11 izango da.
Sariak
Bi kategoriatan lehenengo eta bigarren sariak banatuko dira herrian. Lehenengoek 300 euro eskuratuko dituzte eta bigarrenek berriz, 150 euro. Herriko sari banaketa azaroaren 20an izango da 19:00etan Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan.
Bestalde, Euskadi mailan, sariak 500 eta 300 eurokoak izango dira. Irabazle eta aipamen berezia jasotzen dutenentzat hurrenez hurren. Oinarriak beldurbarik.org webgunean kontsulta daitezke eta informazio gehiago nahi izatekotan, Emakume zentroan edo 943 363 958 telefonoan eskura daiteke.