Olentzero, Mari Domingi eta Xixuko iristear

Txintxarri Aldizkaria 2015ko abe. 22a, 17:30

Etxeko txikiak dagoeneko Olentzero iristeko irrikitan daude. Ostiralean irekiko dituzte opariak, baina ostegun arratsaldean Olentzero, Mari Domingi edo Xixukori eskutitzak emateko aukera izango dute, Olentzeroren harrera ekitaldian. Porrotx bihurria ere tartean izango da bihurrikeriak egiten. Musika eta bertsoei ere lekua egingo zaie ekitaldian. Baina lehenik, haur, gazte eta helduek lagunduta Lasarte-Oriako kaleetatik barrena ibiliko dira lau lagunak. Eguraldi txarra egitekotan, jaialdia, Loidi Barrengo frontoira mugituko litzateke antolatzaileek jakitera eman dutenez.

Hiru egun besterik ez dira geratzen Olentzerok Lasarte-Oriako etxeetan dotore apaindutako zuhaitzen azpia opariz edo ikatzez betzeko. Dagoeneko batek baino gehiagok nahi dituen opariak eskatzeko eskutitza bidali dio Olentzerori eta azken egun hauetan txintxo portatzen saiatzen ari da eskatutakoa lortzeko.

Eskutitza oraindik prestatu ez dutenek, ostegunean Olentzero berari emateko aukera izango dute Okendo plazan Ttakun KEk antolatutako harrera jaialdi berezian. Olentzerorekin batera, Mari Domingi, Xixuko ahatea eta Porrotx ere izango dira.

Baina Okendo plazara iritsi baino lehen, Loidi-Barrengo pilotalekuan hasi eta herritik barrena kale jira egingo dute.

Hiru suziri

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurten berrikuntza bat izango da, suziriak botako dituzte Olentzeroren etorrera jakinarazteko, “Lehenengoa Lasarte-Oriara hurbiltzean botako da, bigarrena Loidiko tunela igarotzen dutenean eta hirugarrena, desfileari hasiera ematean”.

Hirugarren suziriarekin batera, beraz, kalejira erraldoiari hasiera emango zaio 17:00ak aldera. 

Kuadrillategi, Gazte Kluba, Amaraun ludoteka eta ikastetxeetako gazteek parte hartuko dute kalejira honetan, nahi duten herritar guztiekin batera.

Erritmoa eta musika

Kuadrillategiko lagunek gainera, Loidi-Barrenen, Tajamar biribilgunean eta Okendo plazako sarreran erritmoa ezarriko diote rezibatukadari esker. 

Gainontzeko bidean, Ttirriki Ttarraka-ko trikitilariek jarriko diote doinua desfileari. 

Hitzordua 16:45ean izango da puntual abiatu ahal izateko herriko kaleetan barrena desfile koloretsu eta alaia.

Bi karroza

Iaz bezala, Olentzero, Mari Domingi, Xixuko eta Porrotxek Okendo plazarainoko ibilbidea karrozan egingo dute. Berrikuntza modura, aurten bi karroza izango dira. 

Gainera, lau lagunek Olentzeroren etorrerako bereziki menditik jaitsitako galtzagorri bihurrien laguntza izango dute haurrak agurtu eta goxokiak jaurtitzeko.Hainbat animalia ere, hala nola arkumetxoak ikusi ahalko dira.  

Tailerrak

Honetaz gain, Amaraun Klubeko haurrek kriseiluak eta 2016 urterako amets koloretsuak eramango dituzte desfilean.

Bi elementu hauek egiteko gaur eta bihar, goizeko 11:00etatik 12:30era tailerrak izango dira Amaraun Ludotekan. 

Gaur kriseiluak egingo dira eta bihar, berriz, 2016 urteko ametsak.

Antolatzaileek gogoratu dute, txikiek gaur linternak eraman behar dituztela eta biharko ametsak egiteko kartoi kutxa txiki batekin nahikoa dela. 

Gainera, gaur kriseilurik egiteko aukera ez dutenek ibilbidea linternekin argitu ahal izango dutela ere adierazi dute.

Pertsonaia ugari

Kuadrillategiko lagunek, berriz, argi-zuziriak eramango dituzte desfilean.

Kalejiran hainbat pertsonaia mitologiko ere izango da. Akuilu-makuiludun sorginak eta Tartalo, Basajaun, Basandere, Mari Teilatuko eta lamiak ere ikusteko aukera izango da.

Jalguneko lagunak ere izango dira desfilea koloretsu eta alai honetan.

Kalejirak hiru ordun laurden iraungo ditu eta aipatu legez, Okendora iristean Rezibatukadaren emanalditxoa izango da. Olentzero, Mari Domingi, Xixuko eta Porrotxek ordurako haur guztiek haien eskutitzak prest eta eskura izatea espero dute. 

Emanaldia

Olentzeroren etorrera jaialdian, musika ez da faltako.Gabon kantak, bertsoak, erromeria...izango dira harrera beroa egiteko. 

Alboka abesbatza izango da oholtzan Olentzero Okendora iristerako. Hainbat euskal gabon abesti eskainiko ditu Olentzero, Mari Domingi, Xixuko eta Porrotx oholtzara igo bitartean.

Hauek emanaldi txikia egingo dute eta ostean, bertso eskolako kideek Olentzerori bertsoak kantatuko dizkiote oholtza txikitik.  

Ondoren, Olentzero eta Xixukok eskutitzak jasoko dituzte 18:15etatik aurrera. Bitartean jaiak ez du etenik izango. Ttirriki Ttarrako lagunen eskutik, gabon kanta gehiago entzun ahalko dira.

20:00ak aldera, Olentzerok agur esango die Okendo bildutako haurrei. Izan ere, gau nekeza izango baitu. 
Mendira bueltatuko da haur guztien eskutitz eta ilusioekin. Azken orduko opari aldaketak egin, afaldu, guztia zakuetan antolatu eta bere astoaren laguntzaz etxe guztietan opariak banatuko ditu.

Eguraldi txarra egitekotan, jaialdia Loidi-Barren pilotalekuan egingo litzatekeela jakitera eman dute antolatzaileek.

Gabon kantak 

Hala ere, Gabon giroa goiz goizetik izango da gure herrian. Eskean ateratzen diren haur eta gazteez gain, hainbat elkarte eta talde ohiturari jarraikiz, gabon bezperako erronda egingo dute herriko kaleak gabon doinuez betez.

Goizean, 10:00etatik aurrera, Antonio Blas plazatik irten eta auzoan, zein auzo inguruko baserrietan gabon kantak abestuko dituzte Zabaletako lagunek. 

Ordubete beranduago, 11:00etan, Okendo plazatik aterako dira Landaberri ikastolako ikasle eta gurasoak Olentzeroarekin  kantuan. Jon Lasa eta hainbat trikiti eta pandero jole ere izango dituzte lagun.

Arratsaldean Alboka abesbatza ere Atsobakar zaharren egoitzan hasi eta herriko kaleetatik barrena ibiliko da kantuan. Herriko zahar egoitzako egoileentzat saiotxoa eskainiko du abesbatzak hauei ere egun berezi hauek alaitzeko helburuarekin.

Bestalde, Erketz Euskal Dantza Taldeko kideek baserriz baserri egingo dute erronda. 

Beraz Eguberrietako giroa herriko etxe, baserri eta txoko guztietara zabalduko da.

Entseguak

Erketz EDT eta Zabaleta auzoko lagunek ahotsak prestatzeko entseguak egingo dituzte bihar.

Zabaletako auzotarrek 19:30ean dute hitzordua Antonio Blas plazako lokalean. Erketz EDT-k, berriz, 20:00etan, Zumaburuko ikastolako lokalean.

Herritarrak gonbidatu nahi dituzte taldeekin batera Gabon bezperako erronda egitera.