Gabonetarako egitarau oparoa antolatu du aurten ere udalak herriko hainbat elkarterekin batera.
Eguberrietako Haur parkea, zinea, San Silvestre lasterketa... etxeko txikiek egun hauek ederki pasatzeko hamaika ekintza izango dituzte aukeran. Hala ere, helduentzako ekintzak ere izango dira.
Haur parkea
Igandean Eguberrietako Haur Parkeak bere ateak ireki zituen Michelingo kirol gunean. Abenduaren 31ra arte zabalik izango da Lasarte-Oriako haur eta gazteek ederki goza dezaten.
Parkearen ordutegia 11:00etatik 14:00etara izango da eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara. Abenduaren 24an goizez bakarrik egongo da irekita eta Eguberri egunean itxita egongo da.
Kirol guneko pilotalekuko aforoa 250 pertsonetara eta karpa 100era mugatua dagoenez, goiz eta arratsaldeak ordu eta erdiko bi txandatan banatuko direla jakitera eman dute antolatzaileek.
Adin guztietarako guneak
Eguberrietako parke berezi honek hiru gune ezberdin ditu aurten.
Kirol guneko pilotalekua koloretako oihal eta moketez apaindu da, 1-12 urte tartekoen gunea hartzeko.
Bertan ludoteka, puzgarriak (olagarroa, kiroletakoak, zirkuitua, pista amerikarra, oihana….), adin ezberdinetarako 4 tailer eta WII bideo-jokoen gune bat dago.
Kanpoko tenis pistan berriz, 300 m2ko karpa klimatizatua dago, 12 urtetik gorako neska-mutilei zuzendutako ekintzekin.
Giza-futbolina, zezen mekanikoa, Salto-salto puzgarria, bideo-jokoetarako gunea, DJ-arentzako tokia, 2 ping-pongeko mahai, 2 futbolin, eta 2 Air-Hockey daude gaztetxoen gozamenerako. Karpatik kanpo, gainera rokodromoa, balantzaka dabiltzan bizikletak eta beste puzgarri bat ere badaude.
Oria auzoan ere
Iazko bideari jarraituta, kirol guneko mugak gainditu eta Eguberrietako parkeak bere lekua izango du herriko beste lekua batean ere, Oriako Bitarte tenis-pistan.
Honetan 225m2ko karpa klimatizatua jarri da. Bertan familian egiteko jokoak izango dira, hauek joko tradizional erraldoiak izango dira.
Ikuskizunak
Hau guztiaz gain, hainbat ikuskizun izango dira Eguberrietako Haur Parkeko agertokian.
Gaur, 'Amona Josepa' haurrentzako antzerkia izango da. Abenduaren 27an, igandean, 'Ines eta bere kontuak' ipuin-kontalari saioaz gozatu ahalko dute etxeko txikiek eta 30ean, berriz, 'Pirata Garrapata' haurrentzako antzerkiaz
Emanaldi guztiak 19:00etan, izango dira
Urteari eta Eguberrietako Haur Parkeari amaiera emateko, abenduaren 31n, jaialdi txikia izango da. Honetan, dantzaldiaz eta beste joko batzuez gozatu ahalko dute haur eta gaztetxoek.
ASIDEL-entzat sarrera
Lasarte-Oriako Udalak herriko elkarteek Gabonetako parkeko sarrera eta taberna kudeatzeko deialdia egin zuten eta hirugarren urtez jarraian, Lasarte-Oriako Langabetuen plataforma izango da arduraduna.
Hitzarmenaren sinaketa ekitaldian Jesus Zaballos alkateak, ekimen hau herriko elkarteentzat positiboa dela azpimarratu zuen.
Sarrerari dagokionez, herritar guztien eskura egon dadin nahi du Udalak, horregatik helduek euro 1eko sarrera ordaindu beharko dute eta haurren kasuan doakoa izango da parkera sartzea.
Irteerak
Bestalde, Ttakun Kultur Elkartearen eskutik, Gazte klubeko lagunek ere badute zer egin.
Gaur eta bihar, goizeko 11:00etatik aurrera, Esne Beltzaren 'Euskaraz bizi nahi dut' abestiaren flashmob grabaketa izango dute.
Bestetik, Barakaldoko BEC-eko Eguberrietako Haur Parke erraldoiera egingo dute txangoa abenduaren 28ean, astelehenean.
9:30ean abiatuko dira Zumaburuko geltokitik Barakaldora. Parkean dauden jolas eta atrakzioetaz gozatu ahalko dute gaztetxoek eta 18:30rako bueltan izango dira.
Ur-festa
Gaur bertan kiroldegiko igerilekura joaten diren etxeko txiki eta gaztetxoeek ere ederki gozatzeko aukera izango dute goizeko 10:00etatik 12:00etara.
2005-2011 urteen bitartean jaiotako haurrek parte hartuko ahalko dute ur-festan.Kiroldegiko arduradunek gogoratzen dute umeak bakarrik sartuko direla igerilekuan eta igeri egiten jakin behar dutela parte hartzaile guztiek.
Bazkideek doan parte hartu ahal izango dute eta ez bazkideek 3,7 euro ordaindu beharko dituzte.
Jaiotza lehiaketa
Hau guztiaz gain, Danok Kide elkarteak antolatzen duen Jaiotzen Lehiaketako sari banaketa izango da abenduaren 27an, igandean, 12:00etan elkartearen egoitzan.
Abenduaren 18 eta 19a izan ziren jaiotzak aurkezteko egunak.
Antolatzaileek gogoratu dutenez, lehiaketara aurkeztu diren lan guztiak San Pedro elizan ikusgai izango dira eta irabazleak, berriz, Muebles Azpeitian.
Antzerkia eta zinema
Manuel Lekuona kultur etxean ere kultura eskaintza izango da.
Bihar, abenduaren 23a, 'Soulshine Voices' taldearen emanaldia izango da. Laukote frantses honek gospel kantuak eskainiko ditu, baita blues, jazz, funk edo soul kutsua duten doinuak ere. Sarrerak 5, 50 euro balio ditu.
Haur, zein helduentzako zineak ere ez du kalerik egingo.
Etxeko txikienek abenduaren 27an, igandea, 'Pixels' animazioko filma izango dute ikusgai.
Urtarrilaren 3an, berriz, 'Hotel Transilvania 2' 3Dn gozatu ahalko dute.
Sarrerak abenduaren 27an 3,80 euro eta urtarrilaren 3an 4,80 euro balio dituzte.
Helduen zinema atalean, ospe handia izan zuen 'Ocho apellidos vascos'-en bigarren zatia, 'Ocho apellidos catalanes' eskainiko da.
Hiru egun, abenduaren 27a, 28a eta 29a, izango dituzte lasarteoriatarrek honetaz gozatzeko eta gainera, egun bakoitzean bi sesio izango dira, bata 19:30ean eta bestea 22:00etan.
Film honetaz gain, urtarrilaren 3an, 'Sicario' filma ere izango da Manuel Lekuonako karteldegian.
Saio guztiek, 5,50 euro balio dituzte.
Urtea lasterka amaitu
Urtea kirola eginez amaituko du herritar ugarik. abenduaren 31ean, hainbat herrietan San Silvestre lasterketa antolatzen da eta aurten lehenengo Lasarte-Orian ere izango da aukera.
Texas Lasartearrak eta herritako lasterkari talde batek antolatu du lasterketa. Lasarte-Oriako hainbat komertziorekin eta Udalarekin elkarlana izan dute horretarako.
Baina lasterka egiteaz gain, Ipar Martxa edo Nordic Walking kirolean aritzen direnek ere tartea izango dute San Silvestre honetan.
Arratsaldeko 16:00etan hasiko da lasterketa. Baina ordu erdi lehenago aurkezpen ekitaldia egingo da, Okendo plazan.
Bertatik aterako dira parte hartzaile guztiak eta bertan helmugaratuko dira, 6,2 kilometroko ibilbidea egin ostean.
Helmugaratutakoan indarrak berritu ahalko dituzte herritarrek. Hainbat edari eta jaki edukiko dituzte aukeran: ura, garagardoa, fruta, pastak... Ondoren hasiko da sari-banaketa ekitaldia.
Herritarrek abenduaren 27a arte izango dute kirolprobak.com atarian izena emateko.
Interneten nabigatzen aritzeko ohitura edo baliabiderik ez duten pertsonengan ere pentsatu dute antolatzaileek eta bi egunez Manuel Lekuona kultur etxean ere inskribatu ahalko dira, baina oraindik zehazteke daude datak eta orduak.
Erregeen harrera
Urtarrilaren 5ean, berriz, Errege Magoak etorriko dira Lasarte-Oriara. Eta erregeen etorrera antolatzen duen MEGABA elkarteak aurten hainbat berrikuntza izango direla aurreratu zuen Udalarekin hitzarmena sinatzean.
Kabalgata berritua ikusiko da Errege egun bezperan. Izan ere, karroza eta jantzietan hobekuntzak egingo baitituzte MEGABAko lagunek.
Bestalde, Endika Amilibia zenaren omenezko izarra ere itxuraldatu egingo dutela aurreratu zuten.
Hori dena gutxi balitz, aurtengo jaiotzan benetako idi bat ikusi ahalko dute lasarteoriatarrek.
Errege eta pajeekin batera APG lerroko patinaje taldea eta Ostargi konpartsako buruhandi eta erraldoiak aterako dira kabalgata girotuz.
Ekitaldia amaitu ostean, indarrak berrituko dituzte parte-hartzaileek, Jalgune elkarteko gurasoek prestatuko dituzten ogitartekoak dastatuz.
Brigitarretan eskutitzak jaso
MEGABAko lagunek aurreratu dutenez, goizean, Atsobakar Zahar egoitzako lagunek Errege Magoen bisita izango dute.
Erregei eskutitza emateko, berriz, 16:00ak arte itxaron beharko dute haurrek. Harrera Ama Brigitarren komentuko kaperan izango da.
Gurasoei gomendio bat egin diete antolakuntzatik, “ez dezatela azken momenturako utzi”. Izan ere, komentuko ateak itxiko dituzte “Erregeak prestatu eta Oria auzorantz joateko”.
Kabagalta
Era honetara, 18:00etan, Oriatik hasiko da kabalgata.
Ohi bezala erregeek goxokiak botako dituzte. Era berean, baserritarrak, erregeen laguntzaileak, zuzi eramaileak eta Jalguneko lagunek parte hartuko dute desfilean.
Urtero bezala, geldialdia egingo dute Brigitarren komentu aurreko jaiotzan eta ostean, bidearekin jarraituko dute, Hipodromo etorbidea, Iñigo de Loyola eta Geltoki kaletik Okendo plazara iritsiko dira su artifizil eta musika artean.
Ohi bezala Mercero plazan suziriak izango dira Errege Magoak plazara iristerakoan. Balkoitik eskutitzak irakurri eta goxokiak botako dira harrerari amaiera emateko.
Zuzi eramaileak
MEGABA elkarteak azpimarratu du zuzi eramaile bezala atera nahi dutenek gaur izena emateko aukera izango dutela.
Hitzordua Gaztelekuan izango da 18:30ean.
Bertan eskainiko zaie informazio guztia eta haur eta gaztetxoen gurasoak ere hurbiltzea nahi dute, kabalgataren nondik-norakoak ezagutzeko.