Xixuko ikastetxeetan bisitan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko abe. 22a, 12:15

Herriko txikiek Xixuko ikusteko aukera izan zuten lehengo astea, Olentzeroren laguntzaileak ikastetxeetara bisitak egin baitzituen.

Harrera beroa egin zioten etxeko txikiek. Negar malko batzuk entzun ziren arren, txikitxoek adi jarraitu zituzten Xixukoren azalpenak. Sasoetako LH1 eta LH2ko lagunek abesti eta dantzak ere prestatu zizkioten eta Xixukok haiekin egin zuen dantza.

Landaberri eta Sasoetako ikastetxeetako HH3 eta LH2 mailetako haurrek ahate bereziaren eskuetatik Olentzerok prestatutako eskutitzak jaso zituzten. Hauek trukean Olentzerori zuzendutako marrazkiak eman zizkioten Xixukori.

Marrazki horiek guztiak Olentzeroren etorrera jaialdian izango dira ikusgai. Izan ere, ikazkinari eta bere lagunei ongi etorria egiteko dotore apainduko baita Okendo plaza.