Buruntzara, urteari agur esatera

Txintxarri Aldizkaria 2015eko abenduaren 22a

Ostadar SKT-k eta Ttakun Kultur Elkarteak antolatuta, beste urte batez, 2015 urteari agurra emateko Buruntzara irteera antolatu da. Eguraldiak laguntzen badu, urtezahar egunean goiz pasa ederra egiteko aukera dute lasarteoriatarrek. Izan ere, San Roke ermitaren inguruan, gai giroan mokadutxo eta tragoxka batzuk hartzeko aukera ere izango baitute Buruntzara igotzen direnek. 2016 urtea hasteko indarrak hartzeko era ezinhobea da.

San Roke baselizaren inguruan giro ederra izango da abenduaren 31n, goizean. Ostadar SKT eta Ttakun Kultur elkarteak antolatuta 2015 urteari agur esateko 10:00etatik eguerdiko 12:00etara jaia antolatu baitute.

Herritarrek urtezahar egunean bakoitzak bere kaxara eta erritmora Lasarte-Oria eta Buruntza arteko ibilbidea egingo luke. 

Ibilaldi laburra eta luzeagoa egiteko aukera dago, herritar bakoitzak bere ibilaldia antolatuko du; Lasartetik, Oriatik, Azkorteko baselizatik, Urnieta bidetik…

Gailurrera iritsi eta San Roke baselizaren ondoan dagoen aterpean indarrak berreskuratu ahalko dituzte antolatzaileek prestatutako hamaiketakoari esker.

San Roke ermita

Aukera paregabea da ibilaldi hau Buruntza mendiaren tontorrera igo eta mendiaren magalean, 340 metroko altueran dagoen San Roke baseliza ezagutzeko. 

Baseliza hau 1908. urte inguruan eraiki zen eta abuztuaren 16an ospatzen da meza San Roke egunez, Buruntza auzoko festak direnean. Tontorretik behera, 400 bat metrotara dago auzoa, mendiaren magalean.

San Roketik gertu harrobi ikusgarri bat dago Andoain aldeko magalean eta baita aterpe moderno bat ere, mahaiez hornituta.

Baselizari dagokionez, zementuz egindako eraikin txiki bat da, 3,8 metroko altuera duena. Barrutik ere ez da oso handia, 4,3x3 metroko azalera du, baselizara sartzeko hiru eskailera edo koxkatxo igo behar dira eta aldarea iparraldera begira dago.

Paretak azulejo txuriz apainduta daude eta aldarearen goikaldean, balio artistiko handirik ez duen San Rokeren harlanduzko irudi bat ikus daiteke, Buruntza mendiko harrian bertan eginda. 

Ermitaren kanpokaldean ur bedeinkatuaren harrizko edukiontzia eta burniz egindako atea dauzka, Erroke Deuna hitzak bertan iltzatuta dituela.

Trikitixa eta hamaiketakoa

Lasarte-Oria inguruko txokoetaz gozatu eta bide batez kirola egitea da Ostadar SKT eta Ttakun KEren asmoa. 

Jaitxoa 10:00etan hasitako da eta bi orduz, hamaiketako goxoa egiteko aukera izango da San Roke inguruan, txorizo errea, gazta, salda, ardo eta sagardo tragoxkarekin. Eta jai giroa borobila izateko, trikitixa soinuez girotuta izango da hamaiketakoa.

Eguraldi txarra egingo  balu, mendiaren magalean, baseliza ondoan aterpea dago, eta sua egingo da tarte horretan epelago egoteko. 

Urteari bukaera lege onean eman nahi dionak aukera du mendi buelta egin eta lagun artean egoteko.