Eguberriko festen aurrekari arrakastatsua izan da gaur arratsaldean ospatutako San Tomas azoka. Herritar andana gerturatu da txistorra dastatzera eta Ttakun KEk prestatutako egitarauaz gozatzera. Ohikoa den moduan, Telleri baserriko txerramak eta bederatzi kumeek piztu zuten ikusmira gehien lasarteoriatarren artean.
Bi urteren ostean, arratsaldean ospatu da berriro ere San Tomas azoka. Herritarrek ez dute inolako arazorik izan ordutegia moldatu eta Okendo plazara gerturatzeko.
17:30ean Ttirriki-Ttarrakako kideak hasi dira plaza girotzen, pandero eta eskusoinuekin duten abilezia erakutsiz. Bien bitartean, hainbat herritar aritu dira txistorra taloak eta antzekoak eskatzen, Okendon egon diren postuetan. Ttakun KE bera, Batxilergoko 2. mailako ikasleak, DBH 4. mailakoak eta Alboka abesbatzakoak aritu dira produktu desberdinak saltzen. Posturen batean eskaintzeko zuten guztia saldu zuten, azokak izandako arrakastaren seinale.
Seietan bertsolarien txanda izan da. Patxi Etxeberria, Ane Labaka eta Beñat Iguaran aritu dira oholtza gainean. Ikusleek txalo zaparradekin saritu dituzte hirukoteak abestutako bertso guztiak.
Ondoren, Xumela abesbatzako kideek girotu dute plaza. Errepertorioko kanta ezagunenak abestu dituzte ikusleen gozamenerako. Arratsaldeko unerik onenetakoa etorri da orduan: Hainbat gaztetxo taula gainera igo eta koruko kideekin batera aritu dira kantuan eta dantzan, herrian zaletasun horrek etorkizuna duela erakutsiz. Talogintzak ere bai, hainbat haur aritu baitira zeregin horretan Ttakunek prestatutako postuan.
Arratsaldea primeran amaitzeko, Erketz eta Kukukaren eskutik gorputza dantzan jarri dute herritarrek. Plazadantza saioa egin dute, giro ederrean, dagoeneko freskoa zen tenperaturari aurre egiteko. Bertan aritu dira ordu eta erdiz, etxera gustura erretiratu aurretik.
Azokak utzitako irudiekin argazki galeria eta bideoteka bana egin ditugu.