Lasarte-Oria, kalean

Txintxarri Aldizkaria 2015eko abenduaren 20a

Jendetza ibili zen Lasarte-Oriako kaleetan larunbatean. Eguraldia lagun, I. Kalera Fest jaialdiak arrakasta izan zuen. Goizean pertsona mordoa ibili zen, batez ere, Okendo plaza inguruetan, zunba eta patinaje tailerrak egin ziren lekuan. Arratsaldean, berriz, gune ezberdinetan gozatu ahal izan zen estilo askotako kontzertuekin eta kalean zehar jo zuten batukada eta txarangekin.

Abendua denik ez zirudien larunbatean Lasarte-Orian. Goizetik hasi eta gauera arte, eguraldi onak lagundu zuen Kalera Fest jaialdia.

11:00ak aldera hasi ziren ekintzak. Okendo plazan patinaje tailerra, mural margoketa, jolas kooperatiboak eta, gehien bat, umeei zuzenduak ziren ekintzak egin zituzten.

Lorena Garciak zuzendutako zunba emanaldiak jende andana bildu zuen plazan, eta bai helduak baita umeak ere animatu ziren gorputzak astintzera.

Arratsalde musikatua

Musikak hartu zuen lekukoa bazkalostean. 13:30etatik aurrera, Oaintxe In Deu txaranga aritu zen poteoa girotzen.

Estilo askotako kontzertuak entzuteko aukera egon zen. Punka Sagardotegi kalean, rocka eta bluesa Kale Nagusian eta hardcorea Landaberri Institutu aurreko plazan, beste hainbaten artean.

Kuadrilategiren eskutik rezibatukadarako materialak prestatzen eta kantak jotzen ikasi zuten bertaratutako gazteek. Perkusio soinuak Dinbi Banda batukadak jarri zituen kaleetan.
Txikienek ere ederki pasa zuten arratsean. Puzgarrietan saltoka aritzeko parada izan zen Okendon eta Tonny magoak erakustaldia eman zuen Elurtza tabernan.

Zoramena gauean

Kontzertuak bukatu ahala, Burrunba elektrotxarangak jarri zuen giroa tabernetan zehar. Gazte ugarik egin zuen dantza eta kanta Irungo taldearekin.

Tabernetan, aldiz, DJen sesioekin gozatu zuten herritarrek. Besteak beste, hip-hopa, punk-rocka, reggae-a eta elektronika entzun ziren.

Antolatzaileek nabarmendu zuten asmoa “urteroko jaialdi” bihurtzea zela. Arrakastak animatuko ditu, ziur.