Sally Mann argazkilari estatubatuarrak esan zuen: “argazkiek iraganeko ateak irekitzen dizkigute, baina baita etorkizunari begirada botatzea ahalbidetu”.
Erretratuek leku jakin baten historia eta bilakaerari buruz asko esan dezakete. Zero Sette akordeoi orkestrak hala pentsatu du, eta Julian Sagardia herritarraren laguntzaz ‘Gogoratzen duguna gara’ diaporama egin zuten larunbatean Manuel Lekuona kultur etxean.
Lasarte-Orian egindako 300 argazki bildu eta doinu ezagunez lagunduta erakutsi zituzten.
Herriaren bilakaera
Lasarte-Oria zenbat aldatu den ikusi ahal izan zuten bertaratutako ikusleek.
Herriko historiako gune adierazgarriak erakutsi zituzten. Esaterako, golf zelaia, aerodromoa edota 20ko eta 30ko hamarkadetan Europako erreferentetako izandako auto zirkuitoa.
Kaleak, baserriak eta herriko beste hainbat gune adierazgarri garai batean nolakoak ziren ikusteko aukera ere egon zen.
Bloketan banatu zuten emanaldia, lehenik airetik ateratako irudiak erakutsiz. Ondoren, kale, plaza eta etxeak ikusi zituzten, eta azkenik, baserri eta saltokiak.
Musikaz lagunduta
Zero Sette akordeoi orkestrak eskusoinu doinuekin girotu zituen argazkiak. Herriarekin zerikusi zuzena dutenak batzuk, Sorgin Dantza eta Lasarte-Oriako ereserkia kasu, eta Dire Straits bezalako talde modernoen bertsioak besteak.
Irudi eta musikaren arteko sintonia erabatekoa zen, eta momentuan momentuko argazkiak hobeto ulertzeko balio izan zuen.
Harrera beroa
‘Gogoratzen duguna gara’ diaporamak ikusmin handia piztu zuen. Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioa herritarrez bete zen.
Argazki bilduma ikusten zuten ahala, oroitzapen asko etorri zaizkie burura askori. Besteak beste, zine zaharra, Dorre Etxea eta Gure Etxea taberna pantailan agertu zirenean, marmarra entzuten zen.
Dudarik gabe, askorentzat memoria ariketa emankorra izan da, eta besteentzat Lasarte-Oriaren eboluzioa ezagutzeko parada egokia.