Dena prest San Tomas azokarako

Txintxarri Aldizkaria 2015eko abenduaren 18a

San Tomas azoka baserritarrak haien produktuak saltzeko Donostira joaten ziren eguna dugu. Jai handiko eguna izaten da hiriburuan, baina Lasarte-Orian ere, azken urteetan herritar ugari bildu da hitzordu honetan. Horregatik, aurten ere abenduaren 21ean, astelehenean, arratsaldeko 17:00etatik aurrera euskal giroko azoka izango da gurean.

Eguberriak ate joka ditugu eta hauen atari San Tomas eguna dugu. Astelehenean, azken urteetan arrakasta handia izan duen azoka antolatuko du Ttakun KEk.

Aurten, azken bi urteetan ez bezala, arratsaldez izango da hitzordua Lasarte-Orian. Euskal giroak arratsaldeko 17:00etatik aurrera hartuko du Okendo plaza.

Urtero legez, azokako erregina den txerria eta txerrikumeak ikusteko aukera izango dute etxeko txiki eta ez hain txikiek plaza erdian.

Honetaz gain, Donostira hurbildu ezin izan direnek edo jaiarekin jarraitu nahi dutenek, zer jan edo edan izango dute plazan, baita musika ere. 

Postuak

San Tomas azokan, hainbat postu izango dira janaria, edaria eta beste hainbat produktu eskaintzen.

Batetik Ttakun K. E.-k txistorra edo txokolatez barrubeteko talo eta gaztaina gozoak izango ditu salgai eta hauei laguntzeko sagardo dastaketa doan.

Herriko elkarte edo herritaren postuak ere izango dira. Alboka abesbatzak tortila eta txistorra pintxo eta bokatatxo gozoak jarriko ditu eta Lasarte-Usurbil Institutuko gazteek pintxo potea eskainiko dute. Landaberriko DBHko gaztetxoek, berriz, motxilak salduko dituzte. Institutuko eta DBHko gazteek ikasturte amaierako bidairako dirua bilduko dute. 

Talo tailerra

Etxeko txikiek haiek egindako taloak jateko aukera izango dute arkupeetan izango den talo tailerrari esker.

Antolatzaileek ohartarazi dutenez, 4 eta 12 urte arteko haurrei zuzendua dago batez ere ekintza. Gainera, txikienak heldu baten lagunduta joan behar dutela gogorarazten dute.

Musika eta bertsoak

Lehen ordutik giroa izango da, baita dantzan egiteko aukera ere.

17:30ean, Ttirriki Ttarraka musika eskolako lagunek erromeria doinuak eskainiko dituzte.

18:00etan, bertsolarien txanda izango da eta 18:30ean, Xumela korua igoko da oholtzara euskal kantak eskaintzera.

Azkenik, 19:00tatik aurrera plaza dantzako saioa izango da.

Honetan Ttakun K.E.ko plaza dantza ikastaroko, Erketz EDT-ko eta Kukukako lagunak izango dira.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, adin guztiei egokitutako saioa izango da, eta inoiz dantzarik egin ez duenak ere aukera izango du bere lehen pausoak emateko. Izan ere, maila baxuko dantzak izango baitira egingo direnak, hala nola, txulalai edo Zazpi jauzi.

Euskal jantzia

Bestetik, antolatzaileek postuetako kideei gogorarazten diete, postuak girotua egon behar duela eta harrera behintzat euskaraz egin behar dela.
Era berean, Ttakun KEk herritarrei gonbita egiten die euskal jantzia armairutik atera, jantzi eta azokaz goza dezaten.