Ostadarreko bazkide kanpaina martxan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko abenduaren 17a

Datorren urtera begira Ostadar SKTko bazkideak izan gura dutenek aukera dute dagoeneko; 2016ko kanpainari hasiera eman dio elkarteak. Pasa den urteko kuotak mantenduko dituela jakinarazi du Ostadarrek.

2016an Ostadarreko bazkide izateko asmoa duten herritarrek aukera dute dagoeneko horretarako, kanpaina abian jarri baitu elkarteak. Geltoki Kalean duen bulegora joan beharko dute interesa dutenek, 18:00etatik 20:00etara bitartean. 

Elkarteak jakinarazi duenez, pasa den urteko kuotak mantenduko ditu: 15 euro ordaindu beharko dituzte 16 urtetik beherakoek, 25 euro 17tik gorakoek eta bonu familiarrak 40 euro balioko ditu.

Bazkide direnei eskertza

Honezkero Ostadarreko bazkideak diren herritarrei eskerra eman dizkie elkarteak: "Ezinbestekoa da haien ekarpena gure kirol proiektuak aurrera egin dezan. Gaur-gaurkoz ditugun kirol ataletan 900 bat kirolari mugitzen ditugu urtean zehar, kirola sustatzen dugu Lasarte-Orian eta Kros Herrikoia eta 3x3 Saskibaloi festaren gisako ekimenekin herriko merkataritza bultzatzen dugu".

Era berean, elkarteak gogorarazi du bazkide izateak badituela hainbat abantaila: "Izen-ematea merkeagoa da Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoian, zenbait komertziotan deskontuak dituzte eta urtero-urtero otar bat irabazteko aukera dute, guk geuk zozketatzen duguna".