Kirola eginez 2015a agurtu

IƱigo Gonzalez Sarobe 2015ko abe. 16a, 13:03
Olentzero etorri eta astebetera beste opari bat jasoko dute herriko korrikalari eta Ipar Martxako ibiltariek: San Silvestre lasterketaren I. edizioa jokatuko da aurten herrian. Antolatzaileen esanetan, "oso harrera ona" izan du egitasmoak herritarren artean: 200 pertsona inguru apuntatu dira jada izena emateko epea ireki eta bi aste eskas pasa direnean.

Korrika egitea atsegin duten lasarteoriatarrek ez dute inguruko herritara joan beharko aurten San Silvestre lasterketan parte hartzera. Herriko lasterkari talde batek eta Texas Lasartearrak herrira ekarri dute proba; Lasarte-Oriako hainbat komertziorekin eta Udalarekin elkarlanean antolatu dute.

"Oso harrera ona" izan du egitasmoak herritarren artean, antolatzaileek atzo zehaztu moduan. Duela bi aste ireki zuten izena emateko epea; 200 korrikalari inguru apuntatu dira tarte horretan. Abenduaren 27ra arte mantenduko da irekita. Kirolprobak.com atarian bete beharko dituzte urratsak interesatuek; 5 euro ordaindu beharko dituzte, eta 16 urte eduki gutxienez. Txipa ez da beharko proba burutzeko. Parte hartzaile kopuruan mugarik ez dute jarri antolatzaileek: "Inskripzio erritmoa kontutan hartuta, 400-500 bat herritar animatuko direla aurreikusten dugu. Dimentsio horietako lasterketa bat antolatzeko gaitasuna badaukagu". 

Interneten nabigatzen aritzeko ohitura edo baliabiderik ez duten pertsonengan ere pentsatu dute antolatzaileek. Atzoko ekitaldian zehaztu zutenez, Kultur Etxean ere ahalko da izena eman bi egunez; oraindik "zehazteke" dituzte datak eta orduak. 

San Silvestre proba ez da soilik korrikalarientzako izango, Ipar Martxa edo Nordic Walking kirolean aritzen direnek ere hartu dezakete parte, makilak eskuetan hartuta. Antolatzaile taldeko kide Josu Galdosek atzo azaldu moduan, "Gipuzkoa mailan Ipar Martxa modalitateko bigarren lasterketa" izango da 2015eko azken egunean jokatuko dena. 

Okendo plaza abiapuntu eta helmuga

Familia giroan afaldu eta 2016ari ongi etorria egin aurretik gosea egiteko aukera edukiko dute herritarrek. Abenduaren 31n jokatuko da proba, 16:00etan. Ordu erdi lehenago aurkezpen ekitaldia egingo dute, Okendo plazan. Bertatik aterako dira parte hartzaile guztiak eta bertan helmugaratu, 6,2 kilometroko ibilbidea egin ostean. "Ez da beharrezkoa, baina parte hartzaileak animatu nahi ditugu ibilbidea mozorrotuta burutzera", adierazi zuten antolatzaileek atzo.

Helmugaratutakoan indarrak berritu ahalko dituzte herritarrek. Hainbat edari eta jaki edukiko dituzte aukeran: ura, garagardoa, fruta, pastak... Ondoren hasiko da sari-banaketa ekitaldia.

"Herria koloreztatu nahi dugu, kirola eginez dibertitu eta ongi pasa. Ekimen herritarra da %100ean; ez zaigu asko kostatu denok ados jartzea ideia aurrera ateratzeko", aipatu zuen Texas Lasartearrako kide David Mateosek. 

Lasterketaren hasiera orduari buruz ere aritu ziren antolatzaileak, Josu Galdosen ahotan: "Herritar batzuek aipatu digute goiz xamar hasiko dela proba. Bi arrazoi nagusigatik hasiko da San Silvestrea 16:00etan: Ordu horretan trafikoa lasaiagoa izan ohi delako eta herriko tabernei nolabaiteko bultzadatxoa emateko. Lasterketa goizago hasten bada, arratsaldeko poteoa ere bai, jada herritar asko egongo baitira kalean". 

Esker hitzak

"Herriko komertzio eta denda askok pozarren hartu dute egitasmoa, eta laguntzeko prest agertu dira lehen unetik. Eskerrak eman nahi dizkiegu horiei, baita Udalari eta lasterketa prestatzen ari diren guztiei ere", azpimarratu zuen Mateosek. Era berean, zehaztu zuen hainbat pertsonak eman dutela izena bolondres lanetan aritzeko probaren egunean. Zeregin horretan aritu nahi dutenek Facebook bidez eman beharko dute izena. 

"Gure Facebook orrialdean ikus daitekeenez, hainbat komertziok produktuak eta antzeko eskaintzak prestatu dituzte, parte hartzaileen artean zozketatzeko. Horien berri ematen joango gara pixkanaka, asko baitira egitasmoan parte hartzera animatu direnak", zehaztu zuen atzo Galdosek. 

Udalak ere jarri du hondar aletxoa egitasmoan. Dortsalak eskuratu ahal izateko diru-laguntza bat prestatu du, Jesus Zaballos alkateak jakitera eman zuenez. "Oso interesgarria iruditzen zaigu egitasmoa, bazen garaia horrelako zerbait antolatzeko herrian. Dortsaletan 'Tratu On Bat' marka ere agertuko da, kirola sustatzeaz gain herriko komertzioari bultzada ere eman nahi diogulako".