Zita garrantzitsua dute asteburu honetan Buruntzaldea IKTko infantil, junior eta absolutuek. Gipuzkoako Kluben Kopa jokatuko dute, Bergaran. Iaz lortutako emaitza bikainak errepikatzen edota hobetzen ahaleginduko dira.
Larunbat eta igandean ariko dira txapelketan igerilariak, goiz eta arratsaldez. 10:00etan hasiko dira goizeko jardunaldiak eta 17:00etan berriz arratsaldekoak.
Bergaran bertan aritu ziren hiru igerilari infantil pasa den asteburuan, teknifikazio saioetan parte hartzen: Nora Irazusta, Nahia Jie Villamediana eta Irati Arzalluz. Gustura aritu ziren denak, gaitasun desberdinak (biraketak eta erritmoa) jorratzeaz gain beste igerilari batzuk ezagutu eta egunerokotasunetik ateratzeko aukera izan zutelako.
Benjaminak eta alebin hasiberriak ederki Oiartzunen
Maila ederra eman zuten Buruntzaldea IKTko txikienek Oiartzunen jokatutako X. San Esteban sarian. Benjaminen arteko gaztetxoeneko 50 metroko proba bat burutu zuten tximeleta, bizkar, bular zein estilo librean. Hainbat garaikur erdietsi zituzten igerilariek lehenengo hiruen artean sailkatzeagatik. Urrezko dominak kolkoratu zituzten Jon Pelayok eta Garazi Etxeberriak 50 bular proban, zilarrezkoak Aitor Santosek eta Miren Sarobek (bizkar estiloan) eta baita Iker Gandiak eta Nerea Irazuk ere (librean) eta, azkenik, brontzezkoak Saioa Elolak (tximeletan) eta Ruth Pelayok (bizkar estiloan).
Benjamin kategoriako helduenek eta hasiberriak diren alebinek berriz, 100 metroko distantziatako probak burutu zituzten. Oier Mateosek urrezko domina kolkoratu zuten bizkar proban, eta Unai Barcinak ere bai estilo librean. Iker Felipek, Udane Azkaratek eta Oier Morenok zilarrezkoak jantzi zituzten (bizkar proban lehenengo biek eta bularrekoan hirugarrenak). Podiumeko hirugarren mailara ere igo ziren batzuk: Eneko Elizasuk 100 tximeletan eskuratu zuen brontzezko domina, eta bizkarrean Naia Muruak.
Hori gutxi balitz, igerilariek euren probetan lortutako puntuazioei esker sailkapen orokorreko 3. postua eskuratu zuen Buruntzaldea IKTk.
Alebinak bikain Tolosan
2003 eta 2004an jaiotako neskak eta 2002 eta 2003an jaiotako mutilak aritu ziren Tolosan jokatutako XVI. Paco Sanchez oroimenezkoan. Horiek ere maila paregabea erakutsi zuten Usabal kiroldegiko igerilekuan.
Urrezko hainbat domina eskuratu zituzten alebinek. Leire Martinek eta Unai G. Somovillak bina kolkoratu zituzten, 100 bizkarrean eta 200 estiloetan lehenengoak eta 100 librean eta 200 estiloetan bigarrenak. Horiez gain, podiumeko lehen mailara igo zen Ainhoa Martin 100 tximeleta proban. Zilarrezkoei dagokienean, hiru eskuratu zituzten Buruntzaldea IKTko gaztetxoek: Lander Sorozabalek 100 tximeletan, Lander Azkaratek 100 bularrean eta Ainhoa Martinek 200 estiloetan. Azkenik, beste hirurak brontzezkoak izan ziren. Iñaki Arregik eta Joane Arzalluzek 100 tximeletakoan jantzi zituzten eta 200 estiloetan Lander Sorozabalek.