Ia perfektua izan da igaro berri den asteburuko jardunaldia Beltzak taldeentzat. Denek atera zituzten euren norgehiagokak aurrera, Euskal Ligako 2. mailan aritzen den Lavie Beltzak senior taldeak izan ezik. 32-22 galdu zuten Arabako Gaztedi taldearen aurka, baina erasoko bonusa lortu zuten gutxienez, 4 entsegu burutu baitzituzten.
Ohorezko B mailako Babyauto Zarautz taldeak 5-29 hartu zuen mendean Iruñeko La Unica RT taldea eta denera bost puntu gehiago ditu sailkapenean, hiru irabazteagatik eta beste bi erasoko bonusagatik. Lortutako puntuak bezainbeste entsegu egin zituzten Fran Puertasen jokalariek.
Azkenik, 16 eta 18 urtez azpiko Gure Etxea Beltzak taldeek Michelinen jokatu zituzten euren partiduak, La Unica RT nafarren aurka baita ere. Lehenengoek majo izerditu behar izan zuten arerioa mendean hartzeko; 24-21 nagusitu ziren herritarrak azkenean. Bigarrenek berriz, nagusitasunez garaitu zuten kanpoko taldea, 43-12.