Etorkizuneko hezkuntzari buruz hausnartzen

Txintxarri Aldizkaria 2015ko abe. 15a, 11:35
Herriko Xumela abesbatzako zuzendari Josu Txapartegi 'Txapas' zarauztarrak 'Ikastola 2050' izeneko liburua idatzi du. Atzo aurkeztu zuen Erein argitaletxeak kaleratutako lana, DBHko institutuko musika gelan. Hainbat herritar gerturatu ziren ekitaldira.

Aski ezaguna da Lasarte-Orian Josu Txapartegi 'Txapas'; Xumela abesbatzako zuzendaria da. Irakasle lanetan ere aritua da Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan, jubilatzeko garaia iritsi zitzaion arte. 

Hark dioen moduan, "jubilatu bai, baina erretiratu ez". Irakaskuntza utzia duen arren, hezkuntzaren mundua oso gertutik jarraitzen du Txapartegik eta gai horrekin lotutako hainbat hausnarketa egin eta paperean jaso ditu. 'Ikastola 2050' izeneko liburuan bildu ditu Xumelako zuzendariak gogoeta horiek denak; atzo aurkeztu zuen liburua, herriko DBHko institutuko musika gelan. 

Irakasle zenaren garaira bueltatu zen atzo 'Txapas'. Hainbat herritar gerturatu ziren liburuaren aurkezpen ekitaldira, eta adi-adi entzun zituzten idazleak esandakoak. 

Etorkizuneko hezkuntza

Hezkuntzaren iragana, oraina eta geroa bildu ditu Txapasek 'Ikastola 2050' liburuan. Ikastolen sorrera ekarri zuen gogora, 1990eko Buesaren legea ere bai, ezartzen zuena ikastolek pribatuak edo publikoak izan behar zutela, gaur egun "buruhausteak" eragiten ari den LOMCE legea ere aipatu zuen eta, batez ere, azaldu zuen haren ustetan hezkuntzak etorkizunean nolakoa izan behar duen.

Horren harira, hainbat ideia plazaratu zituen idazleak atzoko aurkezpenean. Besteak beste, 'heziketa estetikoa' delakoa azaldu zuen, Jorge Oteiza artista zenak Txapasi berari esplikatutako kontzeptu bat. "Umeek orekan hezi behar dute. Gaur egun '-ena' atzizkidun hitz asko erabiltzen ditugu haiek hezteko: Gehiena, handiena...elementuen arteko oreka hausten duten terminoak dira horiek, desoreka sustatzen dutenak. Elkarri lagunduz hazi behar dute haurrek". 

Bestalde, aldarrikatu zuen euskal komunitateak berak erabaki behar duela zein motatako hezkuntza sistema erabili Euskal Herrian: "Madriletik esaten digute nola hezi behar ditugun gure haurrak, eta hori ez da posible. Euskal ikuspegi batetik egin behar dugu hori". Bestalde, nabarmendu zuen ikastolak izan direla Euskal Herriko kulturan egindako "inbertsio garrantzitsuena". 

Beste hainbat gogoeta ere jaso ditu Txapasek liburuan: Gaur egun ekonomiari ematen zaion neurrigabeko garrantzia, oraingo belaunaldiek epe luzera pentsatzeko duten gaitasun falta, gurasoek eta irakasleek bete behar dituzten zereginak, eta abar. 

Amaieran, ekitaldira bertaratutakoek euren zalantzak eta ideiak partekatu zituzten idazlearekin, hartu-emate interesgarri bat sortuz. Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx' aritu zen solasaldiaren gidari lanetan. 

Xumelak 10 urte

Arestian aipatu modura, herriko Xumela abesbatzako zuzendari da Txapas. Taldea kantuan hasi zenetik 10 urte bete dira aurten, eta urtemuga berezi hori ospatzeko hainbat ekitaldi ari da burutzen korua. Atzokoa izan zen horietako bat. 

Igandean edukiko dute hurrengo hitzordua herritarrek, Abend Kafe-Antzokian, arratsaldeko zazpietatik aurrera. 'Kapulana bat zintzilik' izeneko ekitaldia antolatu du abesbatzak Ttakun KErekin elkarlanean: Miren Amuriza bertsotan ariko da, eta Mozanbikera egindako bidaiaren inguruan kontu-kontari ere bai. Bihartik aurrera eskuratu ahalko dira ekitaldirako sarrerak Jalgi eta Abend Kafe-Antzokietan, 5 euroko prezioan.