Axier Arteagak abenduaren 23an, asteazkena bikotekako Bankoa Crédit Agricole-EL DIARIO VASCO torneoko finala jokatuko du Urbieta eta Arratibelen aurka Daniel Murgiondo azpeitiarra bikote duela.
Larunbatean, Donostiako Atano III pilotalekuan jokatu zuten finalaurrekoa Andoni Mendinueta eta Joan Olaizolaren aurka eta 22-14 gailendu zen Arteaga-Murgiondo bikotea. Markagailuak erakusten duena baino parekatuagoa izan zen norgehiagoka; majo izerditu behar izan zuen bikote gorriak Zumarragarako txartela poltsikoratzeko.
Berako final-laurdenetan sekulako erakustaldia ematetik zetorren aurrelari lasarteoriatarra. Arteagaren joko-mailari Murgiondok erakutsitako sendotasuna gehituta, haiek ziren finalerako sailkatzeko faboritoak.
Aurrean izan zuten bikoteak ere txapelketa oso txukuna burutu du ordea, behin eta berriro erakutsiz ez direla garaitzen batere errazak. Horrela gertatu zen larunbatean ere.
Nerbioak hasieran
Urduri kantxaratu ziren larunbatean Arteaga eta Murgiondo eta, ondorioz, ohikoa dena baino zurrunago aritu ziren hasierako tantoetan, atzelari azpeitiarra batez ere. Konturatzerako, 1-5 aurreratu ziren urdinak markagailuan.
Dena dela, segituan eman zioten buelta gorriek egoerari. Arteagak hasi zuen erreakzioa, jarraian egindako bi tantorekin (benetan ederra ezker gantxoz egindako bat); beste tanto-sorta bat egin zuten jarraian, lehen aldiz markagailuan aurrea hartuz, 6-5.
Neurketak oso orekatua izaten jarraitu zuen 11-10ekora iritsi arte. Mendinuetak eta Olaizolak zenbait akats egin zituzten jarraian eta egoera hori baliatu zuten gorriek erabakigarria izango zen aldea irekitzeko, 16-10.
Arteaga eta Murgiondo ez ziren aritu beste zenbait neurketatan bezain dirdiratsu, baina hortzak estutzen badakitela ere erakutsi zuten, eta tantoz tanto sendo lan eginez Zumarragako finalerako txartela lortu zuten.
Herritar ugari hurbildu zen Donostiara aurrelari lasarteoriatarrari animoak ematera.
Profesionaletara jauzia
Eta ez dira berri onak amaitzen, final hau izan baitaiteke afizionatu mailan jokatzen duen azken partida.
Hainbat komunikabideetan jakitera eman dutenez, txapelketa amaitu ostean, Asegarce enpresaren eskutik profesional mailara egingo du salto aurrelari lasarteoriatarrak.
Berez, urtarriletik aurrera bikotekako promozioko bikotekako txapelketan parte hartuko du. Baina Asegarceko pilotari minduen kopurua kontua izanik, lehenago egin dezake debuta Lasarte-Oriako gazteak, haren aita Juan Mariren urratsak jarraituz.
2013an, Asegarce enpresarekin aurrekontratua sinatu zuen Arteagak eta Albisu, Artola eta Olaizola II.arekin batera entrenatu da.