Herritarren indarra erabakior Kataluniako independentismoan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko abenduaren 12a

Gaur goizean, Xirimiri elkarteko lagunek 'Helburua independentzia: zein da bidea?' antolatutako mahai-inguruan, Kataluniako egoera politiko eta soziala ezagutu ahal izan dazuzenean.

Bartzelonako Villafranca del Penedes herriko alderdi ezberdinetako ordezkariak gonbidatu ditu herriko Xirimiri elkarteak: CDCko Joan Manel Montfort, ERCko Pere Sabat, CUPeko Llorenç Casanova eta PSCko kide ohi den Xavier Lecegui. Mahai-ingurua gidatzen Kristina Bernal izan da.

2007. urtetik hona independentismoaren gorakada aztertu dute eta laurak bat etorri dira Auzitegi Konstituzionalak Estatut-a atzera botatzea inflexio-puntua izan zela.

Baina argi dute beste hainbat eragile ere izan direla independentziaren nahia hainbeste zabaltzeko. Hala nola, krisi ekonomikoa, hitzarmen fiskalaren negoziaketen porrota, Wert legea edo erreforma energetikoaren legea atzera botatzea.

Bide demokratikoa

Gainera, independentismoaren demokratizazioa eman dela ere aipatu dute. Hau da, independentzia demokraziaren bidetik lortzea da helburua, autodeterminazio eskubidea baitago. 

Era berean, independentzia edozein alderdikerietatik kanpo utzi dela ere azpimarratu dute.

Herritarren garrantzia

Horren harira, herritarrek edo sozietate zibilak eta elkarteek izan duten papera nabarmendu dute laurek. Izan ere, Kataluniako herritarren %50a independentziaren alde agertu zen erreferendumean. Katalunia Espainiarik gabe hobe egongo litzatekeela eta Estatu berri bat sortu nahi dute, etorkizunera ilusioz begiratuz. 

Eta azpimarratu moduan, sozietate zibilari ezin zaio zilegitasuna kendu, alderdiak berriz ilegalizatu daitezke.

Independentismoaren garapen honek alderdietan izan duen eragina eta irailaren 27ko hauteskundeen emaitza ere izan da hizpide.

Estatuarekin izandako harremanak ikusita independentziaren aldeko alderdi batzuen eta alderdi kideen jarrera aldatu dela argi utzi dute eta PSCren adibidea jarri du Xavier Leceguik, non batzuk PSErekin bat egin duten eta independentziaren aldekoek, aldiz, alderdia utzi edo beste alderdietara jo duten.

Azkenik etorkizunera begira eman beharreko urratsei buruz ere eztabaidatu dute.