Lasarte-Oriaren atzera begirakoa

Txintxarri Aldizkaria 2015eko abenduaren 13a

'Gogoratzen duguna gara' diaporama berezia antolatu du Zero Sette akordeoi orkestrak Julian Sagardia herritarraren laguntzaz. Hurrengo larunbatean, 18:30ean, Manuel Lekuona kultur etxera hurbiltzen diren herritarrek herriko argazki zahar eta doinu ezagunez gozatu ahalko dute.

Zero Sette akordeoi orkestrak eskusoinuak eskaini ditzakeen aldaera ezberdinak erakustsi ditu azken urteetan. San Pedrotako Jai banda izan da horietako bat. Oraingoan beste ekimen bat aurkeztu du, 'Gogoratzen duguna gara' diaporama. 

Xabier Gonzalez orkestrako kideak azaldu digunez, duela bi urte hasi zen proiektu hau. “Diaporama musikatu bat egitearen ideia sortu eta Julian Sagardiarengana jo genuen, herriko argazki bilduma handia duela bagenekien eta”.

Julianekin hitz egin eta hau prest agertu zen diaporama egitera, “hark aukeratu ditu argazki guztiak eta prestatu du diaporama osoa”. Lan hori guztia dela eta, Zero Sette akordeoi orkestrak eskerrak eman nahi dizkio Juliani.

Herriko argazkiak

Izan ere, Gonzalezek azaldu aipatu duenez, 300 argazkiko aukeraketa da 'Gogoratzen duguna gara' emanaldian ikusi ahalko dena.

Honetan denetarik izango da, Lasarte-Oriako pertsonaia garrantzitsuak, herriko ikuspegiak, kaleak, etxeak, herriko dendak, baserriak, jai erlijiosoak, folklorea, Sorgin dantza, aerodromoa, golfa, Hipodromoa, auto zirkuitua eta gaur egungo irudi batzuk ere ikusgai izango dira larunbatean, 18:30ean, Manuel Lekuonako aretoan.

Irudi horiei laguntzeko Zero Sette orkestrak zuzenean  hainbat doinu eskainiko ditu. Xabier Gonzalezek aurreratu digunez, kantu ezagunak eta modernoak dira eta batzuk Lasarte-Oriarekin lotuak, hala nola, Sorgin dantza edo Lasarte-Oriako ereserkia.

Emanaldi berezi hau Lasarte-Oriako herritarrei zuzendua dagoela azpimarratu du, “izenburuak dioen bezala, gure herria zer zen gogoratzeko balioko du”.

Sarrera

Aipatu legez, larunbatean 18:30tik aurrera eskainiko da 'Gogoratzen duguna gara' diaporama musikatua Manuel Lekuona kultur etxeko areto nagusian. 

Doako emanaldia da, baina antolatzaileek jakitera eman dutenez sarrera beharko da. Hau  Manuel Lekuonako leihatilan eskuratu ahalko da gaurtik aurrera.