Musika emanaldi anitza elkartasunaren alde

Txintxarri Aldizkaria 2015ko abe. 12a, 13:00
Bart, Ben Younech (Tanger-Ceuta) proiektuaren aldeko elkartasun kontzertua izan zen Ama Brigitarren komentuan.

Neskur Pagola eta Rosa Ormazabalek jotako txalapartaren erritmora hasi zen emanaldia.

Ostean, Andatzazpi elizbarrutiko misio taldeak emanaldian bildutako diruaren bitartez, Gibraltarko itsasarte igaro nahi duten etorkin eta errefuxiatuen alde lan egiten duen proiektua babestuko zela azaldu zuten. Era berean, kontzertuaren ideia nondik sortu zen ere aipatu zuten.

Musika 

Azalpenen ostean, musikaren txanda izan zen. 

Lehenik, Xumela koruak 'Gernikako arbolari' edo 'Atzo ttunttun' doinuak eskaini zituen 'Txapas'-en zuzendaritzapean.

Jarraian, Brigitarren komentuko Ahizpa afrikarren ahotsak entzun ahal izan ziren. Haien herrialdeko abestiak kantatu eta dantzatu zituzten bildu ziren herritarren gozamenerako. 

Azkenik, Semblante Rociero koruaren txanda izan zen eta Rocioko Ama Birjinaren ohorez hiru abesti eskaini  zituzten.

Emanaldiko irudi batzuk bideo galerian.