Giza eskubideen egunean, Lasarte-Oriako Sarek Euskal herria osoan egin ziren ekimenekin bat eginez, giza katea osatu zuen Osasun Zentrotik hasi eta herriko kaleetatik barrena.
Katea Okendora iritsi eta Giza Eskubideen aldarrikapen unibertsalak jasotzen dituen pasarte batzuk gogora ekarri zituzten, hala nola, nornahik du bakean biltzeko eta elkartzeko eskubidea, gizabanako guztiek dute iritzi eta adierazpen-askatasuna edo ezin daiteke inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik eman ere.
Era honetara, euskal presoen eta bereziki larriki gaixo daudenen eskubideak betetzea eskatu zuten, esklerosi anizkoitza duen Ibon Fernandez Iradi herritarra horien artean. "Hauetako kasu bakoitzean, biziki urgentea da kaleratzea, gaixotasunei aurre egiten lagunduko dien beharrezko tratamenduak jaso ditzaten," adierazi zuten.
Eta salbuespen egoerak dakarren eskubide urraketa salatu zuten, hala nola, presoaren intimitatea babestuz harremanak eta komunikazioa gauzatzea edo euskaraz mintzatu, komunikatu eta ikasteko eskubidea errespetatzea eskatu zuten.
Ekintzak
Hau guztiaz gain, Eguberrietan herrian eta Euskal Herri mailan egingo diren ekintzetan parte hartzera deitu zituzten herritarrak. Honela, abenduaren 24an Okendon topa egingo dela gogoratu zuten, abenduaren 31ean manifestazioa 19:00etatik aurrera eta urtarrilaren 8an "Harresi guztien artetik" emanaldia izango dela.
Ekimen nazionalak ere izango dira Bilbo eta Baionan urtarrilaren 9an 17:00etan eta Lasarte-Oriatik autobusak antolatu direla ere jakitera eman zuten. Autobuseko tiketak eskuragarri daude dagoeneko ohiko lekuetan.
Azkenik, Ibon Fernandez Iradiren urtebetetzea abenduaren 8an izan zela eta, talde argazki bat ere atera zuten.