Hauteskunde kanpaina

Asier Odriozola 2015ko abe. 11a, 09:34

Ez dira gutxi izan modu batera edo bestera jarraitu ahal izan ditudan hauteskunde kanpainak. Horrek bi gauza esan nahi ditu: azken ia 40 urtean asko izan direla botoa ematera joateko izan ditugun aukerak (ez nahi beste hala ere) eta bestalde, adin bat badudala dagoeneko. Lanagatik ere hauteskunde gauen berri ematea egokitu zait maiz, ez ordea alderdi bati segika kanpainaren ingurukoak kontatzea. Oraingo honetan ordea, bai. Nik askotan esaten dut kazetariaren ofizioak gauza asko dituela txarrak baina onak ere bai. Horien artean, ofizio berean aritu eta oso gauza ezberdinak egiteko aukera ematen duela. Natorren lehen hasitako hausnarketara. 

Partiduek ez dituzte dagoeneko sasoi bateko mitin jendetsuak egiten. Garai berrietan gabiltza, berez, berri izateari uzten ari zaion  garaietan, hain da bizkorra gizartearen antolaketa eta ibili berriak daraman abiada!! Komunikabideak, geroz eta ugariagoak eta elkarrekiko ezberdinagoak direnak, bihurtu dira helburu bakar eta haien bitartez heldu nahi dute alderdietako liderrek jendearengana. Lauzpabost ideia garbi erabaki eta haiek etengabe aireratzen dituzte, balizko botoemaileari iritsiko ote zaizkion esperantzarekin. Bitxia da estrategia eta absurdoa ere bai egunero partidu beraren atzetik ibiliz gero, baina eraginkorra seguru asko. Inoiz, politikoak eta komunikabidetako ordezkariak bakarrik egoten gara. Horregatik, eta barkatuko didazue aldarrikapena: mitin minez nago. Mitin bat nahi dut: politiko batek, berdin zait nork, jendea eserlekuetatik altxako duena. Uste dut denboran kateatuta geratu naizela!