Indarkeria matxistaren gaitzespen jendetsua

Txintxarri Aldizkaria 2015ko abe. 9a, 21:31
Herritar andana bildu da Okendo plazan gaur arratsaldean, pasa den ostiralean herriko emakume batek pairatutako eraso sexista salatzeko elkarretaratzean.

Berrehundik gora lasarteoriatar gerturatu dira Okendo plazara gaur arratsaldean, pasa den ostiral gauean herriko emakume batek pairatutako eraso sexista salatzeko. 'Eraso sexistarik ez! Nahikoa da! Gora borroka feminista' lelodun afixa baten inguruan bildu dira denak.

Lasarte-Oriako Talde Feministako kide Ane Labakak jakinarazi duenez, ostiral gaueko 4:00ak aldera gertatu zen erasoa. Herriko emakumea etxerantza zihoan, gizon bat atzetik segika zuela ohartu zenean. Irainka eta gorputzarekin keinuka aritu zen gizonezkoa, "harrotasunez". Labakak aipatu duenez, emakumeak, koldatu beharrean aurre egin zion erasotzaileari; handik minutu batzutara agertu ziren bertara udaltzainak. 

"Erasoak ez dira fisikoak bakarrik"

"Herriko talde feministako kideok salatu nahi dugu trabak jarri zizkiola ertzaintzak emakume erasotuari, salaketa jartzera joan zenean", adierazi du Labakak. "Erasotzaileak emakumea fisikoki ukitu ez zuenez, badirudi ez dela zilegi gertatu zena erasotzat hartzea. Guk, gure aldetik, aldarrikatu nahi dugu erasoak ez direla fisikoak bakarrik eta, are gehiago, eraso horiek ezin direla sailkatu horiek pairatu ez dituztenek ezarritako ustezko larritasun mailaren arabera sailkatu". 

Horrez gain, Labakak gogorarazi du gaurkoa ez dela izan gisa horretako erasoak salatzeko lehenengo elkarretaratzea: "Behin baino gehiagotan elkartu behar izan dugu jazotako eraso matxistak salatu eta gaitzesteko. Gainera, herritik kanpo ere gertatu dira antzeko erasoak azkenaldian: Barakaldon, Eibarren, Donostian... Nazkatuta gaude, amorratuta eta haserre". Labakak salatu du "sistema oso bat" dagoela eraso horien atzean, "gizartea egituratzen duen sistema heteropatriarkala" hain zuzen. "Emakumeok erasotuak izateko beldurrez bizitzera kondenatu eta gizonei gu erasotzeko zilegitasuna eskaintzen die sistema horrek", gaineratu du.

Aldarrikapen bat ere egin du Labakak, talde feministaren izenean: "Gu ez ginen beldurtuta bizitzeko jaio; kaleak eta gauak gureak ere badirenez, etxerako bidea lasai eta pausu irmoz egin nahi dugula aldarrikatzera gatoz. Autodefentsa feminista dugu tresnatzat horretarako. Ostiraleko gertakariak, gainera, autodefentsa horren eraginkortasuna bermatu baino ez du egin. Nahikoa da! Eraso matxistarik ez!".

Bertaratutakoen txalo zaparrada artean amaitu da ekitaldia, indarkeria matxistaren gaitzespen jendetsua.