Gaurko bi gai bakarrik bazeuden ere, 2015eko azaroaren 19an eta 27an ospatutako batzarren akten onarpena eta galdera eta erreguak, Lasarte-Oriako udal batzako kideek urgentziaz beste bi gai jorratzea erabaki dute.
Honela, aurreko batzarren aktak onartu ostean, udal-ordenantzetako 20. tasan aldaketa bat aztertu dute. Gaur goizean Ogasun batzordean alderdiek gaia jorratu dute eta bertan jakin arazi zaie, ordainketa hori 6 zatitan egiteko aukera zegoela. Eztabaidatu ostean, gaia batzarrera eraman eta onetsi da.
Bestetik, abenduaren 20ean egingo diren Estatuko Kongresua eta Senatua osatzeko hauteskundeetako 7B mahaiko zozketa berriro egin behar izan da.
Juantxo Morcillo Udaleko informatikariak azaldu duenez, "mahai horretako bost kideren erreklamazioa onartu du hauteskunde batzordeak eta bost edo gehiago badira, postu horiek betetzeko zozketa berri bat egin behar da". Era honetara, zozketa egin da eta mahaiko kide berriak aukeratu dira.
EHBilduren galderak
Azkenik, alderdien galdera eta erreguen txanda izan da eta EH Bilduk bakarrik hartu du hitza.
Urtea amaitu baino lehen aurrekontuak onartuko ez direla ikusirik, zirriborroa noiz egongo den galdetu du. Bestetik, Jaurlaritza RGI edo 'ayuda de renta de garantia de ingresos' laguntza kentzeari buruz galdeketa bat egiten ari omen dela eta, Lasarte-Oriari galdeketa iritsi zaion jakin nahi izan dute. Eta azkenik atsobakar zaharren egoitzako egoera nola dagoen jakin nahi izan dute, Foru Aldundiak 2016ko aurrekontuetan horretarako dirua gorde du eta.
Lasarte-Oriako alkateak Jesus Zaballosek Gobernuaren izenean erantzunez, aurten aurrekontuan onartzeko epeak beteko ez direla ikusirik, lehenik 2015 urte nola amaitzen den ikusi eta horren arabera atal guztiek aurrekontuen ziriborroa egitea eskatuko duela jakitera eman du. Hori horrela izanik, prozesu guztia martxoan amaitzea gustatuko litzaiokeela aipatu du.
RGIaren galdeketari buruz, Lasarte-Oriako Gizarte Zerbitzuek ezer ez dakitela jakitera eman du eta azkenik, Atsobakarreko zaharren egoitzaren harira, bilerak egin ostean, Foru Aldundiak eskatuta CLECEk eskaintzen duen zerbitzuaren berri ematen duen txosten bat eman behar diola aditzera eman du. Baina arazo bat dagoela eman du jakitera, CLECEk ez du eskatutako informazioa ematen. Horregatik, Udalak datu horiek eman arte, fakturatik ordainduko ez diola azpimarratu du alkateak. Era berean, Foru Aldundiak jasotako partidari buruz ezer ez dakiela aipatu du.