Ia hiru aste falta dira Gabonetako ospakizunei ekiteko, baina horien izpiritua herriko kaleetan barrena dabil jada. Aterpea merkatarien elkarteak atzo iluntzean jarri zuen martxan gabonetako argiteria, Lasarte-Oriari beste itxura bat emanez.
"Ostalari eta dendariontzat garrantzitsua da gai hau: Herria alaitzen dute argiek, eta komertzioetako erosketak sustatu ere bai", adierazi zuen Ramon Ormazabal Aterpeako lehendakariak. Atzoko ekitaldian aditzera eman zuenez, aurten hiru aldiz diru gehiago bideratu du Lasarte-Oriako Udalak gabonetako argiteriara; eskerrak eman zizkion horregatik erakundeari.
Bestalde, esker hitzak izan zituen baita ere Gabonetako festetan zehar ekitaldiak (San Tomas eguna, Olentzeroren etorrera, Errege Magoen kabalgata...) antolatzen dituzten elkarteei.