Orsa enpresak burutuko ditu herriko asfaltatze lanak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko abenduaren 3a

Herriko hainbat gunetan egingo diren lanen aurrekontua 355.134 eurokoa da. Udalak Orsa enpresari adjudikatu dio asfaltatze-kanpaina; 23 egunetan burutu beharko ditu lanak enpresak, eguraldiak laguntzen badu beti ere. Errepideak aldatzen hasi aurretik zuinketa akta sinatu behar dute enpresak eta Udalak. 5 urteko bermea izango dute lanek.

Kale Nagusiko (Oztaraneko eta Tajamarreko biribilguneen arteko tartea), Pintore, Juan de Garai, Pablo Mutiozabal, Geltoki eta Iñigo de Loiola kaleetako, Atsobakar etorbideko eta Sasoeta ibilbideko asfaltoak izango dira berrituko direnak. Horrez gain, gaur egun aparkaleku gisara erabiltzen den Arranbideko zelaia ere asfaltatuko da.

Berritze lanak egiten hasi aurretik zuinketa akta sinatu behar dute Udalak eta Orsak. Hori egindakoan, 23 egun izango ditu enpresak lan horiek egiteko, eguraldiak laguntzen badu beti ere. 5 urteko bermea izango dute lanek.

Udalak nabarmendu duenez pneumatiko birziklatuekin egindako nahastura erabiliko dute asfaltoaren konposatuan, “iraunkorragoa” izan dadin. Horrez gain, antikarburanteak ere edukiko ditu Arranbideko zelaikoak, arrazoi beragatik.