Toki komunikabideen edizio berezia, abenduaren 3a ospatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2015eko abenduaren 3a

TOKIKOM sareko hainbat hedabidek zenbaki berezia kaleratu dute, Txintxarri aldizkariak barne, erdaraz, euskara ulertzen ez dutenei ere euskal komunitatearen berri emateko.

Normalean euskara hutsez argitaratzen diren zazpi toki komunikabidek oso zenbaki berezia kaleratu dute gaur, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko: 2014an AIARALDEA aldizkariak izandako ideiari jarraiki, Beterri-Buruntzaldeko AIURRI, Araban banatzen den ARABAKO ALEA, Elgoibarko BARREN, Debagoienako GOIENA, Uribe-Kostako HIRUKA, Urumeako KRONIKA eta Lasarte-Oriako TXINTXARRI aldizkariek salbuespena egin dute gaur, eta erdarazko zenbaki berezia argitaratu dute, euskara ulertzen ez dutenei euskal komunitatearen berri emateko.

Toki komunikabide horiek gehigarri komun bat argitaratu dute, gazteleraz, euskara eta euskal komunitatearen inguruko informazioa zabaltzeko. 

Txintxarriren kasuan, ikuspegi lokal batetik abiatuz osatu dugu gaurko ale berezia, herrian euskara ardatz duen ekimenen berri emanez, gure lankide diren hedabide desberdinetako kazetariei Txintxarriren beharraz galdetuz, hainbat hizkuntzatan azalduz aldizkariak betetzen duen funtzioa herrian, 'Guk Kirola Euskaraz' hitzarmena esplikatuz, Lasarte-Orian euskarak duen espazioaren berri emanez datuen bidez eta Udaleko Euskara zinegotzi Jon Antxordoki elkarrizketatuz.

Zabaldu beharreko ondarea

Toki komunikabideak batzen dituen TOKIKOMeko presidenteak, Urko Aristik, azaldu duenez, “argi utzi nahi izan dugu, batetik, euskara ez dela soilik euskaldunon ondarea. Euskal komunitatea zabalik dago hurbildu nahi duten guztientzat, haien hizkuntza edozein dela ere. Gainera, inguruan bizi dugun hizkuntz aniztasuna ere islatu nahi izan dugu. Gero eta kultura eta hizkuntza gehiago ditugu inguruan, eta euskara horien elkarbizitzarako gakoa izan daitekeela uste dugu.

Komunikabideetako ordezkariek azaldu dutenez, gaurko zenbaki berezi honek “euskaraz ez dakitenekiko” keinua ere izan nahi du: argi azaldu nahi izan diete “zer, nola eta zergatik” egiten duten alde batetik; eta bide batez gogorarazi “toki komunikabideetan guztiek dutela lekua, euskaraz jakin zein ez”.