Zigor DZ: "Hasieratik jorratu ditugu festa erritmoak"

martin-vicioso 2015ko abe. 11a, 11:00

Zazpi urtetan bosgarren diskoa atera berri du Esne Beltzak. Udaran Japonian, Alemanian eta Katalunian izan dira, besteak beste; eta Durangon aurkeztu dute ‘Esna’ lan berria. Zigor Lanpre, taldeko DJa, jatorriz lasarteoriatarra da eta azken bi urte hauetan gertatukoaz aritu da, “Sueños de color” single-ak sortutako polemika barne.

Bira bukatu berri duzue. Nola joan da?

Ondo. Gora diskoaren amaiera izan da. Lan bakoitzari bi urte eskaintzen dizkiogu gutxi gora behera, eta kontzertu hauekin etapa hori amaitutzat eman dugu. Une gogorrak igaro ditugu azken aldian. Gure manager Amaia Apaolaza zendu zen, formazio aldaketak izan ditugu eta taldekide batzuk guraso bihurtzeak musikarako denbora asko mugatu digu.

Esaterako, Patxukoren ordez, Pini sartu da. Bad Sound System taldearekin kolaborazio ugari egin dituen abeslaria. Tronpetan egin ditugun aldaketak ere onerako izan direla uste dut. Alde horretatik, pixkanaka hobera egin dugula nabari dut.

Japonian eta Alemanian izan zarete, besteak beste.

Japoniara formatu txikian joan ginen. Taldekide asko gara, eta oso garesti ateratzen da ekipo osoa mugiaraztea. Ez da hara joaten garen lehen aldia, eta zale batzuk baditugun arren, estruktura osoa higiarazteko ez digu ematen. Aretoetan formatu murriztuan jotzeko aukera sortu zen, eta hala egin genuen. Oso ondo atera zela uste dut.

Talde osoa Alemaniara joan ginen bi kontzertu ematera. Harrera bikaina jasotzen dugu  Estatutik ateratzen garenean eta ezagutzen ez gaituzten lekuetan jotzen dugunean. Trikitixarekin eta egiten ditugun estiloen nahasketarekin harrituta geratzen dira. Esaterako, Alemaniako Telebista Nazionalak grabatu gintuen jaialdi batean jotzen ari ginela eta, behin bukatuta, gehiago aritzeko eskatu ziguten, ikusleak oso gustura baitzeuden.

Esne Beltzak Euskal Herritik kanporako kontzertuetan aldaketak egiten ditu?

Aldaketatxo batzuk bai, baina nahiko antzekoak izaten dira. Batzuetan, kanta lasaienak kentzen ditugu errepertoriotik, ez dituztelako hain ongi ulertzen, batez ere jaialdietan. Hala ere, aretoetan errepertorio berdina egin izan dugu.

Dena den, etxean ere nahiko antzeko jokatzen dugula uste dut. Jaialdietan ematen dizuten denborara moldatu behar zara, eta normalean kontzertu motzagoak izaten dira. Horrelakoetan kanta motelak mozten ditugu.

Apiriletik urrira ez duzue atsedenik izan.

Normalean urtea antzeko moduan antolatzen dugu. Martxoan edo apirilean hasten gara kontzertuak ematen eta irailean edo urrian bukatzen dugu. Taldekide guztiek lana eta eginbeharrak ditugu, eta ezin gara urte osoan han eta hemen musika jotzen ibili. Deskantsua ere nahi izaten dugu, eta hurrengo urtea prestatzen joan. Diskoa, normalean, bira amaitzean atera ohi dugu, Durangoko Azokari begira.

Bira bukatu berri duzue. Kanpoan egon zaretela aprobetxatu duzue kanta berriak prestatzeko?

Bai konposaketa baita grabaketa ere biraren barnean egin ditugu, irailean. Diskoak bi zati izango ditu. Lehena orain atera da, Durangon. Askotan, kosta egiten zaigu hamalau edo hamabost kantako disko osoa sortzea. Zeregin asko uztartu behar ditugu, eta ez da erraza hainbeste kanta behar bezala lantzea. Horrela, epea zabaldu dugu eta lasaiago ibili gaitezke. Bigarrena, berriz, maiatza aldera aterako da.

Gaur egun musika kontsumitzeko moduak ere bultzatu gaitu erabakia hartzera. Diskoak baino, kantak entzuten ditu jendeak, eta hamabost pistako lana publikatu ostean, askok hiru besterik ez dituzte entzungo. Horregatik, froga egin dugu. Bitan aterako dugu eta ea gure musika urte osoan zehar manten dezakegun dugun hor. Produktua zatitzean, osoago manten genezake.

Disko osoa gutxitan entzuten da. Kotxean, akaso. Norberak bere kanta zerrendak eta nahasketak edukitzen ditu. Nik behintzat ulertzen dut. Garaiak aldatzen doaz, eta ez dut uste momentu oro atzera begira egon behar garenik. Iraganean ere nostalgikoak ziren. Ez dakit arrazoia, baina badirudi lehen egindakoa beti dela hobea. Seguru aski, gu zahartzean, gaurkoa ‘kristona’ izango da.

Zer berri dago disko honetan?

Lehenengo diskoan aldaketa batzuk egin ditugu. Polemika piztu duen runba egin dugu. Egia esan, ez dut oso ondo ulertzen zergatik. Esne Beltzak betidanik jorratu ditu antzeko erritmoak. Reggaetoia, musika balkanikoa, kunbia... nahi izan duguna egin dugu beti. Gainera, Xabi Solanok La Pegatina taldearekin ‘No Tinc Remei’ eta 'Ara ve lo bo' runbak egin zituen bere garaian, eta oraingoan Esne Beltzarekin bat egiteko gogoa piztu zitzaion.

Bestalde, lehenengo disko honetako kantak barrura begirakoak dira gehien bat. Gorak kontzeptu sozialagoa zuen. Herri harresia, presoen bakardadea, botere erlazioak... halako gaiak jorratu genituen. Oraingoan, berriz, guri gertatutakoa islatu dugu. Taldeko joan-etorriak, aitatasunak eta gure manager Amaia Apaolaza zendu izanak asko eragin gintuzten.

Bigarren CDak lehenaren hariari jarraituko dio?

Oso irekia utzi dugu kontzeptua. Ideiak baditugu, baina ez diegu formarik eman oraindik. Azaroaren 30ean bigarren CDan azalduko den kanta bat aurkeztu genuen, Sare mugimenduarentzat egindakoa, alegia.

Diskoaren aurkezpenaren erdian polemikaren zurrunbiloan sartzea ez zenuten espero.

Nik ulertu eta errespetatu egiten dut batzuek gustuko ez izatea gure musika.

Guk espero ez genuena zera zen. Esne Beltza runba egiteagatik kritikatua izatea. Nahasketa handiko musika egin dugu beti. Arraroa, bat batean, rock-a edo erritmo gogorrak egitea litzateke.

Kantaren letra jipoitzea ere ez dugu oso ondo ulertu. Konpromiso politikoa beti erakutsi dugu gure lanetan, baina ez ditugu beti gai politiko-sozialak jorratuko. Gainera, musika talde gehienek antzeko jokatzen dutela esango nuke.

Zer esan dezakezu kolaborazioei buruz?

Adibidez, Zoo valentziarrak lehengo urtean ezagutu genituen. Haiekin batera jo genuen eta asko gustatu zitzaizkigun. Katalanez egiten dute, eta beste hizkuntza ‘minoritarioak’ gure diskoan txertatu nahi genituen. Green Valley-eko Anderrek ere parte hartu du. Xabi haiekin kantatutakoa zen, eta egiten duten reggae gozo hori oso gustuko dugu.

El Canijo de Jerez abeslariarekin egindako kolaborazioa ezustekoa izan da. Solanok La Pegatinarekin batera abestu zuen Gernikan. Talde katalaneko Ruben Sierra ‘El Canijo’-ren laguna da, eta Xabik Los Delinqüentes taldea gustuko du. Hortik atera zen ideia

Ilusio berezirik egiten dizun kolaboraziorik?

Topikoa badirudi ere, artista bakoitzak bere ukitua eman dio diskoari. Kontuan hartu behar da, Esne Beltzan estilo ezberdinetatik gatozela, eta norberaren gustuen arabera batak edo besteak egingo dio ilusio handiagoa. Nire kasuan, uste dut denek osatzen dutela Esna eta disko osoagoa bihurtu dute.

Kosta egiten da nahasketa berriak aurkitzea?

Esne Beltzak ez du estilo berririk asmatuko. Beti jolastu izan ohi dugu gustatzen zaizkigun musika horiekin. Alde horretatik, noski zaila dela nahasketa berriak aurkitzea, baina esan beharra dago hori ez dela gure lehentasuna. Esaterako, disko honetan runba egin dugunean, ez da izan propio bilatu dugulako. Aukera sortu eta hari eutsi genion.

Betidanik eduki dugu reggae/ska kutsua. Nahiz eta gero egiten dugun guztiak Esne Beltzaren zaporea hartzen duen.

Hainbeste musikari izanda, nolakoa da kantak sortzeko prozesua?

Xabi Solanok zuzentzen du prozesua. Doinu eta melodiak bere esku daude, eta gero besteok gure zatiak prestatzen ditugu. Produktore lana ere, nolabait, berak egiten du. Kantari koherentzia ematen dio taldekide bakoitzaren pistak batuz.

Talde gutxi iristen da hainbeste lan argitaratzea. Zein da zuen arrakastaren gakoa?

Elkarbizitza ezinbestekoa da musika talde batean. Ordu eta bidai asko igaro behar ditugu elkarrekin, eta familia txiki edo lagunarte batek bezala funtzionatzen dugu askotan.

Azken batean, elkarbizitza horri eustea dirudiena baino zailagoa da. Gu ondo eramaten gara gure artean eta horrek urte aktibo asko eman dizkigu. Badaude elkar ulertu ezin duten talde arrakastatsuak, eta horiek segituan uzten dute. Bestalde, jendetza erakarri gabe beste batzuek luzean jotzen dute.

Bizitza laborala, musikala eta pertsonala uztartzea oso garrantzitsua da. Esne Beltzak, finean, ezin du asko bidaiatu eta hainbat kontuengatik mugatuta gaude, eta jakin behar dugu nor garen eta zer egin dezakegun.

Diskoaren diseinua deigarria da.

Aurten gure managerra zena, Amaia Apaolaza, hil egin da, eta Sonde3 management enpresak ‘fitxatu’ gaitu. Gure antzeko taldeak eramaten dituzte. Esaterako, Vendetta, La Pegatina, Bongo Botrako edo Caravan Palace.

Luis Toledo diseinatzailea Sonde3 management enpresarekin egin genuen bileran. Hark proposamena prest zuen. Prozesu osoa oso interesgarria iruditu zitzaigun, izan ere, gure musika entzun eta horren araberako artelana egin zuen. Gure kantak koloretsuak zirela esan zuen, eta hori ez zetorren bat orain arteko diseinu zuri-beltzekin.

Behia zen, gehien bat, erabiltzen genuen animalia gure diseinuetan. Oraingoan, berriz, lehoia erabiliko dugu, gure musikarekin harreman handiagoa duela uste dugulako. Reggae-arekin identifikatu izan da beti, eta guk badugu puntu bat. Euskal Herritik kanpora, esaterako, azal hau errazago identifikatu dezakete guk egiten dugunarekin. Gora laneko azala ikusita, batek pentsa dezake hardcore taldea garela...

2016 urterako zein da zuen intentzioa?

Durangon diskoa aurkeztu eta Viana Rock jaialdian arituko gara. Printzipioz Nafarroan aukera gutxi izaten ditugu jotzeko, eta proposamen erakargarriak ekartzen dizkigutenean, baietz esan ohi dugu. Durangokoa Plateruenan izango da. Ahotsenean ez genuen jo nahi oraingoan. Asko gara eta hiru kanta soilik jotzeko asko unatzen gara.

Martxoan edo apirilean berriz jarriko gara martxan. Aretoetan pare bat kontzertu egingo ditugu Euskal Herrian, eta gero Estatura aterako gara. Formatu horretan ez dugu gehiegi jo nahi etxean, gero plazetan denbora asko igarotzen dugu eta.

Kukai Dantza taldearekin ere aritu zara Adiskideak emanaldian.

Lan eginda nengoen haiekin lehenagotik eta oso gustura aritzen naiz. Halaber, Jon Maya dantzariak kulturarekiko duen ikuspegia erakargarria egiten zait. Gauza ezberdinak egitea gustatzen zait. Esne Beltza da nire proiektu nagusia, baina ahal bada, beste ekimen interesgarrietan parte hartzen saiatzen naiz.

Getxon eta Victoria Eugenian arrakasta handia izan genuen. Adiskideak emanaldia musika zuzeneko baten antzekoa da. Hau da, euren dantza onenak aurkezten dituzte, bakarra egin beharrean.

Victoria Eugenia bezalako auditorio baterako kontzertuak desberdin prestatzen dira?

Victoria Eugenian pare bat alditan izan naiz. Solanorekin batera trikitixa bilkura batean, eta Mikel Laboaren omenaldian Makalarekin batera. Toki guztiek bere xarma dute, eta Victoria Eugeniak magia du. Ez da kaleko ‘bataila’ horren antzekoa. Hala ere, nik lana egiteko era nahiko definitua dut eta ez dut asko aldatzen. Jendea ez da oraindik ohitu DJ bat halako guneetan entzutera. Nahiz eta instrumentu honek izugarrizko aukerak ematen dituen.

Bestalde, nik solfeo eskolarik ez dut sekula eman, baina urteen poderioz, musika gero eta hobeto ulertzen dut. Horrek mota guztietako kontzertuak prestatzen lagundu dit.

Etorkizunean Kukai-rekin emanaldiren bat egiteko asmoa duzu?
Ez dago nire esku. Haiek jarri ohi dira nirekin harremanetan, eta libre baldin banago, ni prest. 

DJ eskolak ere eman dituzu

Garai batean eskolak serio ematen hasteko asmoa izan nuen, baina noizbehinkakoak dira orain. DJ tresnak, gehienbat, gaztaroan lantzen hasten dira, eta horrek zaildu egiten du musika eskoletan txertatzea.

‘Masterclass’-ak eta ikastaroak egiteko deitu egiten didate, baina ez da beti posible izaten. Ez da errentagarria ordu bakarra emateko niregandik urruti dagoen herri batera desplazatu behar izatea. Etxean ere eman izan ditut. Ez dut esaten egingo ez ditudanik, baina momentu honetan ez da nire lehentasuna.

Beste proiekturik buruan?

Oraintxe bertan, ez. Baina ez dago jakiterik. Esaterako, duela urte batzuk Lasarte-Oriako eta Donostiako lagun batzuekin Trifulca Posse proiektua atera genuen aurrera. ‘Mashup’-ak egiten ditugu. Hau da, bi kanta edo gehiago elkartu, bakarra sortzeko. Orain arte ez dugu gauza handirik egin, baina atea irekita dago.

Niretzako garrantzitsua da betetzen nauten gauzak egiten jarraitzea. Nahiz eta geroz eta zailagoa egiten zaidan proiektu berriak hasteko indarra aurkitzea. Hala ere, ez dut geldirik egotea gustuko, eta beti dago zer edo zer. Adibidez, aurrekoan deitu zidaten Kortxoenearen aldeko jaialdian musika jartzeko, eta gustura asko joan nintzen.