Iazko abenduaren 3an sinatu zuten herriko zazpi kirol elkartek 'Guk Kirola Euskaraz' hitzarmena Lasarte-Oriako Udalarekin. Bi urtetan euskararen diagnosia eta esku-hartzea burutzeko konpromisoa hartu zuten. Bukatu dute jada lehenengoa, Ttakun Kultur Elkartearekin elkarlanean, eta bigarrena abiatuko dute orain. Fase horren sinaketa gaur egingo dute, kultur etxeko hitzaldi aretoan.
Ekitaldi horrekin batera, mahai-inguru bat ere prestatu dute antolatzaileek. Ez nolanahikoa, gainera. EiTBko kazetari eta txirrindulari ohi Xabier Usabiagak gidatuko du saioa; Gaizka Garitano futbol entrenaitzailea, Iratxe Aranburu korrikalari ohia eta Iñaki Artola pilotaria izango dira hizlariak. 18:30ean hasiko da mahai-ingurua, kultur etxeko hitzaldi aretoan. Interesa duen orok izango du bertara gerturatzeko aukera.