Kultur aukera zabala abenduan

Gaur aurkeztu dute urte amaiera honetako Lasarte-Oriako kultur egitaraua. Kultur eragile ezberdinekin lankidetzan egindako ekimenak direla azpimarratu dute Udal ordezkariek Manuel Lekuona kultur etxean egindako agerraldian.

Kultura eta Gazteria sailek eta herriko eragieek antolatutako ekintza ugarirekin gozatu ahal izango dute lasarteoriatarrek abenduan. Zinegotzi Maite Iglesiasek nabarmendu du eskaintza anitza dela eta "modako" emanaldiak ere ekarri dituztela, Ocho Apellidos Catalanes kasu.

Haur eta helduentzako zinema

Filme eskaintza zabala egongo da Okendo Zinema taldearen eta Udalaren eskutik Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan. Abenduaren 4ean Fernando Leon de Aranoaren Un Día Perfecto lana ikusi eta haren inguruan hitz egin ahal izango da.

James Bond espia britaniarraren abentura berriaz gozatzeko parada ere badago. 12an eta 13an Spectre filma emango baitute. Halaber, Calvary filme irlandarra emango dute 18an, Okendo Zinema Taldeak antolatutako zineforumean.

Urteko lan arrakastatsuenetakoa izatea espero den Ocho Apellidos Catalanes proiektatuko dute abenduaren 27tik 29ra. Egun bakoitzean bi sesio egingo dituzte. Urtarrilaren 3an, azkenik, Donostiako Zinemaldian eta Cannes-eko Jaialdian kritika positiboak jaso zituen Sicario filma egongo da ikusgai.

Txikienek ere zinemarekin ondo pasatuko dute. Abenduaren 13an Marko Makako emango dute, euskaraz. 17an, aldiz, Pixels proiektatuko da. Hotel Transylvania lanaren bigarren zatia urtarrilaren 3an egongo da ikusgai.

Kirolari ezagunekin solasaldia

Kirol jardunean euskara sustatzeko sinatuko den akordioa dela eta, maila handiko kirolariek euren esperientziak partekatuko dituzte Abenduaren 2an. Xabier Usabiagak aurkeztuko du ekitaldia eta Iñaki Artola pilotariak, Iratxe Aranburu korrikalariak eta Gaizka Garitano entrenatzaileak hartuko dute parte.

Musika

Brigitarren komentuko organoak 100 urte bete ditu 2015ean. Urteurrena omentzeko kontzertua antolatu du Danok Kide guraso elkarteak. Haizea Muñoz sopranoa eta Ana Belen Garcia pianojoleak pieza klasikoak interpretatuko dituzte. Esaterako, Johann Sebastian Bach-en Bist du bei mir eta Aita Donostiaren Bortian Ahüzki.

Udal Musika Eskolak, urtero legez, eguberrietako kontzertua emango du hilaren 16an Manuel Lekuona kultur etxean. Halaber, Zero Sette eta Julian Sagardiaren bideokontzertua ikusi ahal izango da 19an. Egun berean, Alboka Abesbatzak eguberrietako abestiak kantatuko ditu Brigitarren komentuan.

Gospelak ere bere lekua izango du abenduan. Soulshine Voices talde frantziarraren kontzertua izango da abenduaren 23an kultur etxeko auditorioan. Lau ahotsek eta pianojoleak osatzen dutuen taldeak gospel estiloa nahasten du jazz-arekin blues-arekin, funk-arekin eta soul-arekin.

Antzerkia

Kukuka antzerki eta dantza eskolak Lauka Teatroa taldearen Amodioaren Ziega ekarriko du gurera hilaren 11n. Xabier Mendiguren idazlearen testuan oinarritutako lana da. Bestalde, umeentzako antzezlanak ere izango dira. Amona Joxepa (22an), Ines eta bere kontuak (27an), Pirata Garrapata (30ean) eta Agurra dantza ezazu (31ean).

Eguberrietarako prestatzen

Santo Tomas eguna ospatuko da Lasarte-Orian abenduaren 21ean. Ttakun kultur elkartearekin batera antolatutako egunean, festaz gozatu ahal izango da txistorra taloen eta sagardoaren laguntzaz. Olentzero, aurten ere, 24ko gauean ibiliko da etxez etxe opariak banatzen, eta arratsaldean egingo diote harrera Lasarte-Oriako umeek.

Gabonetako Jolas Parkea 20an irekiko da. Hiru gune edukiko ditu. 12 urte bitarteko haurrentzako jolasak Mitxelingo frontoian izango dira, eta nerabeentzako ekintzak tenis pistan. Familia osoak gozatu ahal izateko beste gunea egongo da Basaundiko tenis pistan.

Ipuin kontalariak

Udal Liburutegian ipuin kontaketak egingo dituzte Beatriz Egizabalek (abenduaren 10ean) eta Pello Añorgak (hilaren 15ean).

Bestalde, Jalgune elkarteak "Siéntate, siénteme" izeneko erakusketa prestatu du. Abenduaren 3tik 18ra ikusi ahal izango da Antonio Mercero erakusketa aretoan. Dravet-en sindromedunen Fundazioak lagunduta egin dute.

Alkate Jesus Maria Zaballosek herritarrak gonbidatu ditu ekintzetan parte hartzea, "ohiko moduan egiten duten bezala". Halaber, gogoratu dute zinema sarreren prezioak ez direla garestituko 2016an.