Sancho eta Yolanda tabernentzat sariak III. Pintxo ibilbidean

Txintxarri Aldizkaria 2015ko abe. 5a, 12:41

Aterpearen III. Pintxo ibilbideak baditu sarituak: Sancho tabernak Martin Berasategi saria irabazi du, eta herritarrena Yolandak. 100 euroko zozketa berriz, Juan Ignacio Palacios herritarrak irabazi du.

Txanpinoi barrubetea eta hiru saltsadun masail iberikoko alberjinia hostopila izan dira III. Pintxo Ibilbideko jaki sarituak. Egileak Sancho eta Yolanda tabernak, hurrenez hurren. Lehenengoak aurten estreinatutako Martin Berasategi saria irabazi du, eta herritarrena bigarrenak. Zozketako 100 euroak Juan Ignacio Palacios herritarrak poltsikoratu ditu. 

Atzo eman zituen aditzera erabakiak Aterpea merkatarien elkarteak, udaletxe zaharreko pleno aretoan. Udal ordezkariak eta Martin Berasategi sukaldaria bera ere bertaratu ziren ekitaldira. Aurtengo edizioan parte hartu duten ostalarietako egon ziren ikusleen artean, urduri, sarien irabazleak nortzuk ziren jakiteko irrikitan. Sanchoko eta Yolandako sukaldariek, Asun Apezetxeak eta Luis Mitxelenak hurrenez hurren, pozarren jaso zituzten sariak Martin Berasategiren eta Jesus Zaballos alkatearen eskutik, bertaratutakoen txalo artean.

"Laguntzeko prest"

"Ez zaitezte lotsatu, etorri niregana, edozertan laguntzeko prest naukazue, benetan. Sukaldaritza maila oso altua dago herri honetan, gauza ederrak egin ditzakegu elkarrekin, baliatu aukera". Martin Berasategiren hitzak dira. Herriko ostalariekiko gertuko jarrera erakutsi zuen sukaldariak atzoko ekitaldian: "Hainbat herrialdetan aritzen gara laguntzen, proiektuak egiten; etxekoak zarete zuek, gertukoak, eta mesedez, ez lotsatu eta jarri harremanetan nirekin". 

Aurtengo ediziorako prestatutako pintxoak ere izan zituen hizpide Berasategik. Aipatu zuen "maila altukoak" izan direla denak, eta "benetan zaila" egin zaiola erabakia hartzea. Azkenean, Sancho tabernako txanpinoi barrubete pintxoak irabazi du aurtengo garaikurra. 

3.000 pintxo inguru

Aterpeako lehendakari Ramon Ormazabalek III. Pintxo Ibilbidearen balantzea egin zuen. Ezer baino lehen, parte-hartzaile guztiak zoriondu zituen erakutsitako mailagatik, eta eskerrak eman zizkien parte hartzeagatik. Zenbait zifra ere eman zituen: "Ibilbideko hiru egunetan 2.500-3.000 pintxo inguru saldu dituzte tabernek; arrakastatsua izan da salmenta". Bestalde, esan zuen "herritar gutxik" bete dutela ibilbide osoa, gutxik jan dituztela bertako 11 pintxoak: "Kontutan hartuko dugu hori, etorkizunera begira hobetzeko". 

Saridunak Sancho eta Yolanda izan dira, baina Ormazabalen hitzetan, "taberna eta ostalari guztiek" irabazi dute aurten. Sari banaketa ekitaldia amaitu ostean, pleno aretora bertaratutakoek familia argazkia atera zuten elkarrekin.