Emozioz betetako jaialdia

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 29a, 11:30
Abenduaren 3a, Euskararen eguna izateaz gain, urritasuna duten pertsonen nazioarteko eguna ere bada. Egun honen berri herriari jakitera emateko Jalgune elkarteko gazte, senide eta begiraleek jaialdi koloretsu eta alaia eskaini zuten atzo. Artista batzuk direla erakutsi zuten guztiek.

Umorea eta batez ere, emozioak izan ziren nagusi Jalgune elkarteak larunbatean eskainitako jaialdian.

Jalguneko gazte, begirale eta gurasoek Manuel  Lekuona kultur etxera hurbildu ziren herritarren emozioak, barre, algarak eta txaloak batez ere, eragin zituzten.

Marrazki bizidunetako pertsonaiak, magia ikuskizunak, antzerkia, musika eta dantza nahastu zituzten emanaldian. Esate baterako, Jalguneko gazteek haien dohainak erakutsi zituzten Semblante Rociero koruaren doinuak dantzatuz. Gainera, Gitanillas del Alba taldearen laguntza ere izan zuten. 

Era berean, iazko jaialditik hona egin dituzten ekintzen bideoak ere izan ziren ikusgai. Horien artean aipagarria da aurtengo Korrikan Katxiporretako lagunen izenean eraman zuten testiguaren bideoa.

Ikuskizunaren aurretik ere ikusleek jai giroan sartzeko aukera izan zuten Oaintxe in deu! txarangaren eskutik. Hauek Jalguneko lagunekin batera harrera beroa egin zieten ikusleei.

Elkar sentitu 

Baina ez da hau abenduaren 3a, urritasuna duten pertsonen nazioarteko eguna ospatzeko egingo duten ekintza bakarra izango.

Abenduaren 3tik 18ra argazki “Elkar sentitu eta emozioak handitu” erakusketa antolatu dute Antonio Mercero erakusketa gelan. 

Bertan Jalguneko gazteen argazkiak izango dira. Hauek ikusi nahi dituzten herritarrek astelehenetik  larunbatera 17:30etik 19:30era hurbildu beharko dira aretora. 

Halabaina, Jalguneko lagunek jakinarazi dutenez, abenduaren 5 eta 8 artean eta abenduaren 13an igandea itxia egongo da erakusketa.

Dravet sindromea

Hau guztiaz gain, elkarteko kideek Dravet sindromea duten haurrekiko elkartasuna adierazi nahi dute eta horretarako erabilitako boligrafoak, errotulagailuak, barrako pegamentua, portaminasak edota fluoreszenteak jasoko dituzte erakusketan.

Jasotako materialak sindromearen ikerkuntza aurrera eramateko funtsak lortzen lagunduko du.

Jalguneko kideek erakusketara hurbiltzeko gonbita egiten diete herritarrei eta Dravet sindromea iker dadin haien harritxoa jar dezaten ere eskatzen die.