Jon Pello Artetxe eta Mikel Elolak 22-15 menderatu zuten Azkoitiako bikotea.
Herritarrak ez ziren faboritoak. Bikoteek aurrez ligaxkan jokatutako partidan, Azkoitiak irabazi zuen. “Ongi eginez gero lortuko genuela argi genuen” aipatu digu Artetxek eta horrela izan zen.
Errenta mantendu
Finalaren hasierako minutuak borrokatuak izan ziren. Baina 5-4aren ostean Intzako bikoteak aurre hartu eta 12-4 jarri zen.
Nahiz eta Azkoitiako Unanue eta Iparragirrek tartea murriztu, 15-10, Artetxe eta Elolak ederki mantendu zuten errenta partida amaiera arte.
Era honetara, garaipena eta 2. mailako txapela eta ikurra eskuratu zuten. Sari hauetaz gain, gogoratu, finalaurreko irabaztearekin batera, hurrengo urtean Ezker hormako lehen mailan jokatzeko txartela lortu zutela Intzako mutilek.
Joxe Felix Solano entrenatzaileak aipatu digunez, oso ondo jokatu zuen bikote lasarteoriatarrak.
Partida serioa egin zuten herritarrek. Mikel Elolak ederki egin zuen lan eta Jon Pello Artetxe Elolak irekitako zuloez baliatu zen tantoak egiteko.