Xumela Errigorarekin bat

Txintxarri Aldizkaria 2015eko azaroaren 27a

Joan den asteburuan, azaroaren 21ean, Lasarte-Oriako Xumela koruko lagunak Zarauzko Montetxio eta Hondarribiko Olagarro koruetako kideekin batera Nafarroako Erriberan izan ziren. Bertan Errigora egitasmoan bere harritxoa jarri zuten.

Berrehundik gora boluntariok Erriberako nekazarien produktuekin osatutako 12.500 saski osatzen jardun ziren. Bitartean, 110 kantariak, tartean Xumela korua, Ablitas herrian hauen lana kantuekin girotu zuten. 

Ostean, Cascantera hurbildu ziren olio errota bisitatzera. Denok batera bapo bazkaldu ondoren Tuterara abiatu ziren eta arratsaldez bertako kaleetan zehar kantu jira eginez. 

Xumelako lagunek jakitera eman dutenez, koruko kideez gain Lasarte-Oriako hainbat biztanle aritu zen otarrak osatzeko lanetan. 

Banaketa

Aste honetan zehar banatuko dira herrietan saskiak. Lasarte-Orian bertako herritarrek eskatutako 150 otar izango dira. 

Kanpaina honen bidez lortutakoarekin orotara 157.000 euro bideratuko dira Nafarroako hegoaldeko euskara bultzatzeko. Erriberako Ikastolak, AEK, D ereduaren aldeko lana eta euskal kultura izango dira oro har onuradunak.