Zaborraren kudeaketa hizpide

Txintxarri Aldizkaria 2015eko azaroaren 27a

BAI ekimenak amaiera eman dio II. edizioari. Hirugarren hitzaldi honetan gonbidatua Javier Ansorena Miner izan da, 2011 arte Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zerbitzuetako burua izandakoa.

Gakoa ahalik eta zabor gutxien sortzea dela azpimarratu du Ansorenak. Alderantzizko piramidea osatu zuen, goian prebentzioa egonik. Bigarren pisuan birziklateka jarri du, hau da, sortutako hondakin gehienak berrerabiltzearen alde. Errausketa eta isurtzea azken koskan egongo lirateke, ekidiezina denerako alternatiba gisa.

Hizlaria Astigarragako alkate Jesus Mari Santosek aurkeztu du. Bere herrian zaborraren kudeaketarekin izandako gora beherak azaldu ditu. Aurreko legealdian egin zenari buruzko iritzia eman, eta etorkizunera begirako intentzioak argitu ditu, Ansorenaren ibilbidea gogoratu aurretik.

Era honetara, BAI plataformak aurtengo edizioari agur esan dio. Hiru mintegi antolatu dituzte guztira: elkarbizitzari, abertzaletasunari eta zaborraren kudeaketari buruzkoak.