Talde gipuzkoarren arteko derbia, Ostadar Antonio Aroztegiarentzat

Txintxarri Aldizkaria 2015eko azaroaren 25a

Joko ona egitearen satisfazioari hiru puntuak poltsikoratzearena gehitu zion Ostadar Antonio Aroztegiak larunbatean, Tolosan. Gipuzkoar derbia jokatu zuen Laskorainen aurka; 3-6 irabazi zuten Edu Menaren mutilek (Josean Jimenez entrenatzaileak ezin izan zuen partidura joan), denboraldiko bigarren garaipena eskuratuz. Jubenilek ere hori bera egin zuten, aurtengo sasoiko bigarren norgehiagoka irabazi, nagusitasunez gainera: 7-2 hartu zuten mendean Erain, herriko kiroldegian.

Aurreko jardunaldietan joko-maila ona erakutsi zuen Nazional Ligako 3. mailako Ostadar Antonio Aroztegiak, baina euren poza ez zen erabatekoa, emaitzak ez baitziren kantxan erakutsitako maila bezain onak. Dinamika hori hautsi zuten larunbatean Tolosan, ongi jokatzeaz gain irabaztea lortu zutelako (3-6), denboraldian bigarren aldiz, Laskorainen aurka jokatutako derbi gipuzkoarra poltsikoratuz.

Gipuzkoako 2. mailako Cecilia Ostadar taldea entrenatzen du Edu Menak, baina horiek atsedena zutenez eta Ostadar Antonioko entrenatzaile Josean Jimenezek joan ezin izan zuenez, lehenak hartu zuen taldea gidatzeko ardura.

Ezin hobeto ekin zion norgehiagokari herriko taldeak, erditik atera bezain pronto 0-1ekoa sartuz, Ibairen urruneko jaurtiketa baten bitartez. Berehala areagotu zuten aldea markagailuan, Ander Pecharromanen golari esker, Iñigo Jaka kapitainaren pasea baliatu ostean. Ezin bizkorrago jarri ziren aurretik Edu Menaren jokalariak, baina lortutako abantailak ere berehala egin zien ihes, Laskorainek bi gol sartu baitzituen 7. minuturako.

Berriro zerotik hastea beste erremediorik ez zuen izan herriko taldeak. Beste batzuetan ez bezala, jokalariek ez zuten burua jaitsi, eta Pecharromanen bitartez 2-3koa sartu zuten, nahiz eta lehen zatia amaitu baino lehen Laskorainek berriro berdinketa ezarri markagailuan.

Garaipenaren bila

Atsedenaldiaren ostean hiru puntuen bila atera ziren herritarrak, Laskorainen zelaian presio itogarria eginez. Taktika horrek fruituak eman zituen, Ibaik baloia lapurtu eta 3-4koa sartu baitzuen 8. minutuan. Handik gutxira, berriro bi goleko aldea lortu zuen Ostadar Antoniok, falta jokaldi baten bidez 3-5ekoa sartu baitzuen Aitorrek.

Markagailua orekatzeko azken saiakera gisara, atezain-jokalariarekin hasi zen jokatzen Laskorain, baina herritarrek defentsa ona burutu zuten eta aldea mantendu ez ezik, beste gol bat ere sartu zuten. Ikustekoa izan zen gola, Ostadarreko atezain Ivan Viñak sartu baitzuen, etxekoen jaurtiketa bat geratu ostean. Azkenean, 3-6 Ostadar Antonioren alde; 11. postuan dago taldea, 8 punturekin. Larunbatean lortutako garaipena Josean entrenatzaileari eskaini zioten taldeko kide guztiek.

Larunbatean denboraldiko hirugarren garaipena lortzeko parada izango du Ostadar Antoniok. Bilbo FSren aurka jokatuko du kiroldegian, 18:00etan.

Jubenilen garaipena

Gipuzkoako Jubenil mailako Lasarte Kafe Bar Ostadar taldeak ere denboraldiko bigarren garaipena erdietsi zuen, Erain taldea 7-2 garaituz. Mikel Escribano eta Imanol Azkueren mutilek primerako norgehiagoka jokatu zuten, erakutsiz astero-astero burutzen dituzten entrenamendu eta lan taktikoari esker asko hobetzen ari direla. Etxekoek ez zuten guztiz ondo hasi partidua, baina hala ere Jon Anderrek 1-0ekoa sartu zuen. Ospatzeko astirik ere ez zuten izan ia, Erainek berehala berdindu baitzuen norgehiagoka.

Orduan etorri zen herritarren erantzuna: gol erauntsia. Ostadarreko jokalariek behin eta berriro sortu zituzten gol aukerak, sei gehiago sartuz denera. Erainek aldeak murriztu zituen bigarren golarekin, baina ezin izan zuten ezer egin etxekoek erakutsitako joko eta gogoen kontra.

Pasa den larunbateko garaipenak indarra emango die Escribano eta Azkueren mutilei; bolada onari jarraipena emateko aukera ona dute igande honetan, Zarautzen aurka neurtuko baititu indarrak kiroldegian, 10:45ean.

Ahazteko moduko partidua

Gipuzkoako 1go mailako ISU Leihoak taldeak ezin izan zuen punturik ekarri Arrasatetik. Zortea ez zuten aldeko izan Eneko Molinaren jokalariek; 8-0 galdu zuten Mondrateren kontra. Pasa den asteburuko arantzatxoa ateratzeko asmoz, Jaixki AFTren kontra neurtuko ditu indarrak ISUk ostiralean kiroldegian, 20:55ean.

Gipuzkoako 2. mailako Cecilia Ostadarrek atseden hartu zuen asteburuan eta liderra izateari utzi zion; Anoeta FT taldea dago orain lehenengo postuan 19 punturekin eta 17 ditu herriko taldeak baina partidu bat gutxiago jokatuta.