'Moby Dick' antzezlanarekin gozatu dute gaztetxoenek

Txintxarri Aldizkaria 2015eko azaroaren 21a

Bale ehizan aritzeko aukera eduki zuten etxeko txikienek larunbatean. 'Moby Dick' antzezlana eskaini zuen Gorakada konpainiak Manuel Lekuona kultur etxean.

Herman Melville autorearen liburuan oinarrituta, Ahab kapitainaren abenturak antzeztu zituzten. Bale zuriaren bila pairatzen duen obsesio progresiboa ederki irudikatu dute, umeentzako ulergarria den era komikoan. 

Dena den, ez da umeentzat soilik pentsatua den obra.  Gurasoek eta bertaratutako guztiek arratsalde atsegina igaro zuten.

Gorakada konpainia

25 urte baino gehiagoko esperientza du taulagainean Gorakada konpainiak. 'Moby Dick' antzezlanaz gain, 'Aladdin', 'Munduaren Itzulia' edo 'Printzea eta Ahatea' obrak errepresentatu izan dituzte.

Larunbateko emanaldiaren zuzendaria Jose Carlos Garcia izan zen. Aktoreak, berriz, Aritza Rodriguez, Jose Cruz Gurrutxaga eta Eriz Alberdi. Egokitzapena Julio Salvatierrak egin du, eta musika Fran Lasuenen eta Unai Lasoren eskutik entzun genuen.

Zartzuela digitalean

Antzerkiaz gain, Luisa Fernanda zartzuela emanaldiaz gozatzeko parada izan zen larunbatean pantaila digitalean.

Musika, jatorriz, Federico Moreno Torroba konpositorearena da eta libretoa Guillermo Fernandez-Shaw Iturralde eta Federico Romero Sarachagarena.

1868ko Madril eta Caceresen dago girotua. Maitasun istorioa da. Luisa Fernanda gaztearen, Javier militarraren eta Vidal Hernando laborariaren arteko amodio-triangelua da ardatza. Orduko garai politiko aldakorrean, sentimendu eta arrazoiaren arteko talka islatzen du.